Errausketaren aurkako giza harresia altxa dute beste urte batez, Kontxako Banderaren bigarren eta azken jardunaldi egunean, Donostian. Errausketak klima aldaketa sustatzen duela ohartarazten zuten pankarta eta kartelekin, errausketaren aurkakoekin Kontxa hondartza inguratu dute.
Estropadak amaitu artean izan dira bertan, hondartzan aurrera eta atzera, hondakinak erraustearen aurkako aldarriak ahotan hartuta. Alderdi Ederren abiatu da mobilizazioa 11:00etan eta bertan amaitu dute, borrokatzen segitzeko gonbita luzatuz.
ERRAUSKETAREN AURKAKO BORROKAK AURRERA DARRAI
Bada urtebete baino gehiago Donostiako erraustegia zaborrak erretzen hasi zela, eta tartean gertatu dira suteak (transformadorean bi aldiz, pilatutako zaborretan), Arkaitz errekako bizitza guztia suntsitzea, etabar, baina egoera honetan ere errausketaren aurkako borroka ez da amaitu. Askotan aipatu dira errausketak dituen arriskuak: osasuna, ingurumena, ekonomia… Azken hilabete eta urteetan denon ahotan dabilen klima larrialdia azpimarratuko dugu oraingoan. Donostiko erraustegiak, beste guztiek bezala, erretzen duen zabor kilo bakoitzeko CO2 kilo bat sortzen du; beraz bere osotasunean funtzionatzen ari denean, urtean 200 000 tona CO2 isuriko ditu atmosferara. Zubietako daturik ezean, Bizkaiako erraustegiak 2019an 340 000 kilo nitrogeno oxido aireratu zituen; hau da, Gipuzkoako turismo diesel guztiek isuritakoaren parekoa. Denontzat gauza jakina da gas hauek direla krisi klimatikoaren eragile nagusienetakoak. Eta hala ere instalazio honi “Gipuzkoako Ingurumen Gunea” deitzen diote gure agintariek!
Aipatu beharrekoa da erraustegiak urtean 200 000 tona zabor erretzeko gaitasuna duela, eta 2020an Gipuzkoan 132 000 errefus sortu zirela. Hauek TMBtik pasa ondoren, hainbat material berreskuratu eta hezetasuna kenduta, 100 000 tona baino gutxiagotan geratu ziren. Beraz, hasieratik bi labeetako bat sobran dago eta beharrezkoa duten zaborra osatzeko hondakin industrialak (lehen Zaldibarrera eramaten zirenak) erretzeko asmoa agertu dute agintariek.
Gipuzkoan sortutako 132 000 tona errefus hauen zati handi bat Donostiakoak ziren, 48 000 zehazki. Donostia izan da 2020an ere Gipuzkoa osoan zabor gehien sortu duen herria, 255 kilo biztanleko. Eta 2020an ez zen turismorik izan! Egoera penagarri honen aurrean Udalak ez du aldatzeko edo hobetzeko inolako interesik. Erraustegiarentzat beharrezko erragaia da Donostian sortutako zaborra.
2020an eta 2021ean Udaleko talde guztiekin elkartu da Donostia Bizirik eta, emaitza txarrak direla aitortuta ere, garbi geratu da gaikako bilketaren arduradunek ez dutela epe laburrean inolako pauso esanguratsurik emango. Egoera salatzeko eta herritarrei begien aurrean gertatzen ari dena jartzeko asmoz errefusaren karakterizazioak egiten hasi ginen. Uztailean Sarriegi plazan ostalaritzako errefusa sailkatu genuen eta %97a birziklagarria dela erakutsi genuen. Bigarrena abuztuan Udaletxeko sarreran edo Kontxa pasealekuan egiteko asmoa genuen, baina Udalak baimena ukatu digu, aitzakia merkeak jarriaz: eguraldi beroa, jende asko.
Noski, badakigu oso itsusia dela Donostiako herritarrei eta turistei zaborretara zer eta zenbat botatzen dugun erakustea. Gardentasuna aipatzen dute hitzetik hortzera, baina Donostiako Udalak nahiago du zaborrak ezkutatu, gauero kamioian hartu eta erraustegian erretzea.
Hau guztia salatu eta hondakinei irtenbide jasangarriagoa emateko eskatuz Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak irailaren 12an goizeko 11etan Alderdi Ederretik abiatuta Giza Katea egingo du Kontxako hondartza eta pasealekuan zehar.
ERRAUSTEGIA GELDITU
ERRAUSKETA = KLIMA ALDAKETA
GOIA, GARMENDIA BIRZIKLATU