Merezitako aitortza jaso du Nahia Zudaire Borrezok Zubietako herriaren aldetik

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 26a, 12:45

Zubietako herriak Tokioko Paraolinpiar Jokoetan lehiatu berri den Nahia Zudaire Borrezo gaztea omendu du igande goiz honetan errebote plazan.

"Tokioko Olinpiar Jokoetan lortutako emaitzengatik zorionak bihotzez". Hala zioen, Nahia Zudaire Borrezok Zubietako herriaren eskutik igande goiz honetan jaso duen oroigarriak. Goialdean, bere irudia; igerian. Bere kirol ibilbideari gorazarre egin baitie zubietarrek Nahiari errebote plazan ospatu den ekitaldian. Zoriondu eta omendu egin dute izan duen ibilbide oparoagatik.

2018an Dublingo Europako Txapelketa, lehen zazpi postuetan sailkatu zen proba ezberdinetan. Urtebete beranduago Londonen beste hainbeste, lehen postuetan sailkatu zen. Aurten Portugalgo Europako Txapelketan, 200 metroko estiloan 4. postuan, bosgarren 50 metro librean, hirugarren 100 metroko librean, "segundu erdiagatik ez zuen zilarrezko domina eskuratu". 

Espainiar estatuan hainbat marka hautsi ditu: 50, 100, 200, 400 eta 800 metro libreetan. 50 eta 100 metroko tximeletan eta 200 metro estilotan. 

Azken aldian ordea, oihartzun handiena abuztu amaieran Tokioko Paraolinpiar Jokoetan izan du Nahiak. "Lehenengo proban ez zen finalerako sailkatu, beste bi probetan bai; laugarren postu bat eta zortzi ehunenengatik domina eskuratzear" izan zen, gogorarazi dute, Zudaireren ibilbide oparoaren errepasoa egiten jardun diren Zubietako Herri Batzarreko kideek. 

Esker oneko agertu da, txistularien musika doinu eta Zubietako errebote plazara joandakoen txalo artean, heldu den omendua. Pozik eta esker oneko, ekitaldian zehar hitza hartu duen unean bezala. "Milesker etortzeagatik, nire ibilbidea ospatzeagatik. Egia esan gozagarria izan da, munduan zehar Zubietaren izena ematen joatea. Jasotako mezu guztiak irakurri ditut, milesker denei etortzeagatik".

Segidan, Zubietako Zortzitan bertso eskolako kideek abestu dizkioten bertsoak:


ZORTZITAN BERTSO ESKOLAKOEN BERTSOAK
Paraparesia ze ote den
gazte ikasi beharra
aparatoz lagundurik
ibitzerako baldarra
Txikitatikan pistinan
krol, tximeleta, bularra
sirena baten moduan
sortuz lehiatzeko arra
Goizean seitan jaikita
ez du galtzen irribarra
Pako Yoldiko putzuan
argitzen doan izarra
bera Nahia Zudaire da
ta gañea zubietarra

Hamalau urtez Dublinen
Europako Txapelketan
esperientzi berri bila
abiatu zen sei probetan
Urte gerora Mundiala
Inglaterrako uretan
erreleboan taldeka
ta bakarka tximeletan
Atzerrirako rekorrak
berrehun metro estilotan
tximeletan bi distantzi
eta beste bost libretan
etorkizun oparoa
daukazula begi bistan

Belauneko lesioa
bi mila hogeigarrenean
Covid-a zuk sortu al zenun
sendatzeko beharrean
Bueltan Berlinen dominak
jarri dituzu soinean
Portugaletik zilarra
ta segundu erdiz brontzean
Tokioko bi diplomak
dominarako ertzean
segi izaten irrifartsu
kalean gurutzatzean
ta hogeitalauan Parisen
domina lortze zunean