Duela bi urte hasitako kontrol herritarrari segida eman berri diote. Erraustegiak eragindako kutsadura kontrolatzen segitzen dute Zubieta Lantzen elkarteak eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. 2019an ekin zioten egitasmo honi, herritarrek "crowdfunding" bidez eta zenbait erakundeek diruz lagunduta. ToxicoWatch fundazioari enkargatu zioten "Zubietako erraustegiaren biomonitorizazio ikerketa egitea, “herritarrak ezin direlako fidatu ez erraustegia kudeatzen duten enpresen eta ez Gipuzkoako agintarien kontroletan; enpresak eta agintariak denak saltsa berean nahastuta baitaude, geroztik Arkaitzerrekan zientoka arrain hil zituen kutsaketaren kontrolik eza lotsagarriak erakutsi zuen moduan”.
2020an segi, eta iragarria zuten moduan, 2021ean ere hirugarrenez laginak biltzen aritu dira Zubietako erraustegiaren bueltan. Urriko bigarren asteburuan Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko boluntario talde bat aritu zen lagin bilketan honetan, "ToxicoWatch fundazioak finkatutako protokolo zorrotza jarraituz".
2 kilometroko eremuan
Aurreko urteetako esperientziari jarraiki, "oilategietako oiloen arrautzak, hainbat landareren orriak (Pinus radiata pinuenak, Ilex aquifolium gorostiarenak, Ulex europaeus otearenak), goroldioa, lurra, errekako sedimentua eta ura", eremuotako laginak hartu dituzte. Laginak hartu dituzte "Zubietako erraustegiaren 2 kilometroko inguru batean, analizatzeko dioxinak, dioxinak bezalako PCBak, aktibitate estrogenikoa eta metal astunak".
Erraustegiak sortutako kutsadura neurtzeko kontrol herritarra sustatzen ari dira modu horretan. 2019an Zubieta gaineko planta pista aurretik bildu zituzten lehen laginak eta gerora urtero lan bera errepikatzeko asmoa adierazi zuten Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik eta Zubieta Lantzen elkartetik, hondakinen tratamendurako gunea martxan jarri aurretik eta ondoren zegoen kutsadura neurtu eta haren jarraipena egiteko, "ToxicoWatch fundazioarekin elkarlanean antolatutako biomonitorizazio kanpaina herritarraren barruan".
Gogoan izan, lehen lagin bilketa hari lotutako emaitzak ezagutzera emanak ditu Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Dokumentua "DEKKI Donostiako Erraustegiaren Kutsaduren Kontrol Independentea" izeneko webgunean kontsulta daiteke, helbide honetan hain zuzen: https://dekkiproiektua.wixsite.com/info
Egoitza Holandan kokatua duen ToxicoWatch fundazioak "parte hartzen du Basilea eta Stockholmeko Itunetako lan-taldeetan, Nazio Batuen Erakundearen barruan, eta berak finkatu ditu urtez urte zer aztertu. Alde batetik, libre hazitako oiloen arrautzak, berez indikadore onak direlako lurrean egon daitekeen dioxina maila ezagutzeko eta, gainera, jendeak hain ugari jaten dituen arrautzak direlako inguruko dioxina eta beste POP kutsakorrak gizakiengana iristeko bide nabarmena. Egunotan erraustegiaren inguruko 5 kilometroko radioan dauden zenbait oilategitako arrautzak bildu dituzte, 2019ko lehen azterketan ToxicoWatchek egokitzat izendatutakoetan".
Kontrolaren garrantzia
Hona hemen ToxicoWatch fundazioak Zubietako erraustegiaren kutsadura hain gertutik kontrolatzeak duen garrantzia nabarmentzeko aipatzen dituen argudioak:
-Erraustegiek gaur egiten dituzten kontrolek , –jabeari aurretik abisatuta egiteaz gain– ordu gutxi batzuetako emisioak neurtzen dituzte: erraustegiak 8.000 ordu egiten baditu lanean, horien %0,1 baizik ez.
-Erraustegien jabeek beren nahieran erabiltzen dituzte Airearen Kutsadura Kontrolatzeko Mekanismoak.
-Kontrolak egiten dituzte soilik erraustegia “ohiko funtzionamenduan” ari denean, baina jakina da kutsagarri gehienak emititzen direla “ohikoak ez diren uneetan, labeen piztu-itzalietan, filtroen aldaketetan, eta abar).
-Europar Batasunak soilik dioxinak eta furanoak soilik arautzen ditu baina ez beste kutsagarri organiko iraunkor asko: dl-PCBak, dioxina brominatuak eta PFOSak.
-Erraustegien aldekoek diote tenperatura jakin batean desegiten direla dioxinak eta beste kutsagaiak, baina gero ez dago behar bezala bermatuta erretako masa guztian gutxieneko tenperatura hori lortzea.
-Gaur egun etxeetako hondakinak gero eta neurri handiagoan jo ditzakegu hondakin industrialtzat, kiskaltzera bidaltzen diren materialen osaketagatik. Horregatik tenperatura handiagotan erretzea eskatzen dute, esaterako 1.100ºC harrapatuz konbustio osteko gunean, eta ez gaur eskatzen diren 800ºCetan.