Polizia ikerketa honi buruzko hainbat xehetasun plazaratu ditu GuraSOSek goizean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eskaini duen prentsaurrekoan. "Instalazioen funtzionamendua legearen aurkakoa zela behin eta berriro aipatzen da ikerketan". Ikerketak berak dioenez, "probak egin dira instalakuntzetan eraikitze lanak oraindik amaituak egon gabe". Baina txosten berak ohartarazten du, Zubietakoa bezalako ezaugarriak dituen erraustegi bat probaldi fasean egon arren, "gai kutsakorrak ez zabaltzeko sistema zuzentzaile guztiek egoki funtzionatu behar dutela, "pertsonen eta ingurumen osasunari lotutako arriskuak saihesteko". Hala dioela Ingurumen Baimen Bateratuak.
Guardia Zibilaren Ingurumen Unitate Zentraleko (UCOMA) perituen txostenak GuraSOSen esanetan, iaz Arkaitzerrekan jazotakoa "istripu kimiko larri bat" izan zela dio. Istripua jazo zela "amonio-biltegia kargatzeko prozesuan amoniakoa isuri zenean. Baina, ondoren, ez zen istripua izan, baizik eta instalazioaren arduraduna ekintza kontzientea izan zen, amoniakoaren isuriaren aztarnak ezabatzen saiatzeagatik. Horretarako, ur-kantitate izugarriak isuri ziren (2.302.992 litro ur amoniakatu, ikerketaren arabera), eta euri-uren sare osoko amoniakoa zuzenean Arkaitzerreka errekaren emarira eraman zituzten".
Gai debekatu eta oso kantzerigenoa
Eragindako kaltea itzela izan zen, Arkaitzerrekako ehunka arrain eta baita, GuraSOSek aipatu duenez, 15 ardi ere hil zituen hondamendiak, "ikertzaileek diotenez, agonia dramatiko eta luze baten ondorioz". Espezie babestua den Europako aingira ere erasotu zuen isurketak. Poliziaren ikerketen arabera, "hildako aingira baten ehunean klaroalkano-maila oso altua (0,885 mg/kg) detektatu" zuten. Guardia Zibilak gai honen jatorria erraustegian kokatzen duela dio GuraSOSek. "Toxiko horren iturria erraustegian erretzen diren plastikoen, gomen eta bestelako hondakinen errausketan dagoela uste dute".
Modu horretan, poliziak egun haietan jazotakoaz Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) adierazitakoa gezurtatzen duela dio GuraSOSek, alegia, "zirkuitu itxi bat dagoela eta ezin dela errekara isuri. Egia esan, amoniako-isurien kubetak zuzeneko lotura zuen euri-uren sarearekin, eta isurketa zuzenean egiten zen errekara, ingurumen-baimenaren eta URA Agentziak errekara isurtzeko baimenaren aurka".
Eta hondamendia gertatu zenean, "kubetako isuria jaso zezan", "larrialdi-zerbitzuetara eta hondakin arriskutsuen kudeatzaile batera deitzeko" aukera izan zutela gogorarazten du GuraSOSek. Eta legez hala egitea zegokiela. Guardia Zibilaren peritu-txostenak dioena ekarri dute gogora. "Gai Kimikoen Biltegiratze Araudiaren 8. artikuluak dioenez", pertsonen artean, ingurumenean edota instalakuntzan bertan kalte garrantzitsuak eragiten dituen istripuren bat gertatzen denean, "berehala jakinarazi behar dio" erkidego autonomoko dagokion erakundeari. Baina aipatu txostenaren arabera, "nabarmendu beharra dago aipatu erkidegoko ordezkaritza horrek ez zuela jakinarazpenik jaso eta beraz ezin izan zuela ikuskaritza bisitarik egin".
GuraSOSek dioenez, "beldur ziren, hala, agerian geratuko ote zen Alemaniako SBE enpresak aurreikusitako sistema estankoaren diseinua aldatu izana, eta segurtasun-instalazioak eta lanak amaitu gabe zeudelako; beraz, funtzionamendua (probetan ere) ez zela legez bidezkoa".
Jazotakoaren arduraduna, "badirudi delituaren erantzukin nagusia ingurumen-baimenik gabe eta obra amaitu gabe jardutea erabaki zuenarena zela; GHK-rena, inputatua dagoena, eta Ekondakin, azken horri lotutako Ekobal bezala, azken honen hainbat langile ere ikertzen ari dira".
Erraustegia berehala geratzeko eskaera
"Segurtasuna, osasuna eta ingurumena gutxietsita", eta nahiz eta "obrak eta kutsadura prebenitzeko sistemak bukatu gabe eta eskuragarri ez izan GHKk erabaki zuen 2019ko azarotik martxan jartzea". Eta Arkaitzerrekako hondamendia gertatu zenean, "lehentasuna ez zen izan haren eragina murriztea, baizik eta haren existentziaren frogak ezkutatzea, gainerako agintariei jakinarazi gabe eta instalazioen ikuskapena galarazita".
GuraSOSek ondorioztatzen duenez, "erakundeak (GHK, Aldundia, Eusko Jaurlaritza) errauskailuaren arriskuen berri ez dira ematen ari, ezta osasuna eta ingurumena bermatzen ere. Zero gardentasuna, zero informazio. Zero berme. Berriro ere, herritar antolatuek ordezkatu behar dituzte gabezia horiek, erakundeak (GHK) delitu ekologikoak egiteagatik ikertzen ari diren bitartean".
Egoera honen aurrean erraustegia berehala geratzea eskatu du GuraSOSek ahalik eta gutxienez "kutsatzaile organiko iraunkorrekin (kloroalkanoak, dioxinak eta beste batzuk) arriskurik ez dagoela egiaztatu arte, zuhurtasun-printzipioa aplikatuz". Erraustegiaren auzia "konpontzetik urrun da". Orain arteko bidetik segitzeko asmoa du GuraSOSek. "Osasunaren eta ingurumenaren aldeko zaintza lanean jarraituko dugu, halabeharrean. Arduradunak salatuko ditugu hemen eta Europan". Polizia ikerketak haiek salatutakoa berresten duela dio GuraSOSek. "Osasunerako eta ingurumenerako arrisku erreala eta larria dagoela, interes ekonomikoak lehenesten direla, erraustegiak kutsatu egiten duela, ez dagoela kontrol egokirik, ez dagoela informaziorik, propaganda baizik".