Zubietako erraustegia

"Erraustegiaren Ingurumen Baimenaren aurkako auzi judiziala behin betiko konponbidetik urrun da"

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 12a, 14:54

Epaitegietatik jaso duten erabakiaren berri eman eta horren aurrean eman asmo dituen urratsak jakinarazi ditu GuraSOSek ohar bidez.

GuraSOSek EAE-ko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka tartekatutako kasazio-errekurtsoa ez du izapidetzeko onartu. "Gorenak ez du aztertu kasazio-errekurtsoaren funtsa, eta gaur bertan jakinarazitako probidentzia errekurtso horretan ez duela interes kasazionalik ikusten deklaratzera mugatu da, eta, beraz, ez duela baiesten edo ezesten auziaren mamia".

Epai horren arabera, "erraustegiaren Ingurumen Baimenaren aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ez zen onartu, errekurtsoa jartzeko legitimaziorik ez ziolako aitortu auzitegiak".

Epaitegien erabaki hau baloratu du GuraSOSek. Ohar bidez argitu nahi izan duenez, "ez da ebazten GuraSOS-ek aurkeztutako salaketen mamiari buruz, baizik eta elkarte horrek salaketa hori egiteko duen zilegitasunari buruz. Erakundeek legitimitaterik ezaz baliatzen dira GuraSOS-en ekintza gainetik kentzeko, eta, normalean, orain arte EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaileek eman diete arrazoia". Horrez gain, "Gorenak ez du aztertu kasazio-errekurtsoaren funtsa, kasu honetan, erraustegiaren Ingurumen Baimenaren aurka errekurtsoa jartzeko GuraSOS taldeak legitimitatea duen ala ez. Emandako probidentziak adierazten du errekurtso horretan ez duela ikusten kasazio-interesik, eta, beraz, ez dela baiesten edo ezesten".

Auzia itxi gabe
Epaitegietatik heldu den albistearen aurrean GuraSOSek gogorarazi du "erraustegiaren Ingurumen Baimenaren aurkako auzi judiziala behin betiko konponbidetik urrun dagoela, bi arrazoirengatik".

Batetik, iragarri duenez, "EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean beste errekurtso bat jarri berri" dute, "baimen horren eraginkortasunaren aurka, haren iraungipena eta deuseztasuna defendatzen dituena". Errekurtso hau "tramitera onartu zen", dio GuraSOSek, "EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2021eko otsailaren 18an emandako ebazpenaren bidez; izan ere, errekurtso hori aurkeztu zen egunean, GuraSOS-ek bete egin baitzuen EAEko Auzitegi Nagusiak aurreko epaian ezarritako baldintza, non bi urteko antzinatasuna eskatzen baitzitzaion elkarte gisa".

Bestalde, GuraSOSek dio Auzitegi Gorenaren azken epaiak ez duela "behin betiko ixten auzietako lehena". Konstituzio Auzitegira joko du GuraSOSek "babes-demanda" jartzera, "EAE-ko Auzitegi Nagusiak tutoretza judizial eraginkorrerako eskubidea urratu zuela eta lehen errekurtsoa onartu behar zuela" uste du.

"Ohartarazi behar da babes-errekurtsoa aldez aurreko baldintza dela Giza Eskubideen Europako Auzitegian demanda bat aurkezteko. Konstituzio Auzitegiak ez badio eskatutako babesa ematen bertara joko du justizia eske".

Europara
Nazio Batuen "Aarhus Hitzarme Betetzeko Batzordean" ere salaketa jartzekoa da GuraSOS, "Genevan egoitza duena, Espainiako Erresumak eta Europar Batasunak berak sinatutako nazioarteko hitzarmen horretan ingurumen arloan aitortutako Justizia, informazioa eta partaidetza eskuratzeko eskubidea urratzeagatik".

Bi "ikerketa penal" zabalik daudela ere gaineratu du GuraSOSek, "2489/2019 eta 991/2020 aurretiazko eginbideak, ingurumen-delituagatik Donostiako 5. Instrukzio Epaitegian jarraitzen direnak, ingurumen-baimen horrekin eta erraustegiaren funtzionamenduarekin zerikusia dutenak. Azken horretan, 2022ko urtarrilaren 13an hainbat inputatu deklaratzea aurreikusita dago, besteak beste, GHK foru-erakundearen ordezkaria".