Zubietako erraustegia

Erraustegiko langileak greba mugagabean

Pairatzen ari diren lan baldintza prekarioen aurkako greba mugagabeari ekin diote astearte honetan, Zubietako erraustegiko langileek.

Astearte honetatik greba mugagabean dira Zubietako erraustegiko langileak. Hala jakinarazi du ELA sindikatuak.  "Azaroaren 23tik aurrera, Zubietan dagoen Gipuzkoako erraustegiko plantillako langileek greba mugagabea egingo dute, lantokian pairatzen duten prekarietatea ezabatzeko. Ekobal Operación y Mantenimiento S.L. azpikontratak kudeaturiko enpresak hasieratik ez ditu bermatu osasun eta lan baldintzak", salatu dute sindikatutik.

Langileoi greba eskubidea ere ez zaiela bermatzen ari salatu dute sindikatutik. "Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuek urratu" egiten dute "langileen greba eskubidea". Datuetan zehaztu du ELA-k aipatu urraketa; "ekoizpen arloan %70eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dira, eta balorizazio plantan, berriz, %90ekoak". 

Kaleratzeak
Zubietako erraustegian beharrean dauden langileen egoera prekarioa agerian utzi nahi izan du ELA-k ohar bidez. "Laneko segurtasun eta osasun arloko neurririk eza etengabea da lantegiaren jarduera hasi zenetik. Laneko arriskuen ebaluazioa desegokia da, eta ez dator bat Zubietako lantokiaren errealitatearekin". 

Lanaldi amaigabeak jasan behar dituzte gainera, "kasu askotan, etenik gabeko txandako 12 ordura arte luzatzen dira, eta aldi berean, baimendutako legezko gehienekoaren gainetik aparteko orduak egiteko betebeharra ezartzen da". Atseden egunak ere ez dituztela errespetatzen dio ELA-k. "Egutegiak egun batetik bestera aldatzen dira, lanaldien arteko atsedenaldiak eta hitzartutako oporrak errespetatu gabe. Errealitate horrek ezinezko egiten du lana eta bizitza bateragarri egitea". 

Hori gutxi ez eta, "enpresak sistematikoki kaleratzeak egiten ditu inolako justifikaziorik gabe. Jardunbide hori errepikatzen ari da jarduera hasi zenetik, eta azken kaleratzea oso egun gutxitan gertatu da; langilea berehala berriz hartzea eskatzen dugu".

Lan hitzarmen espezifikoa
Era berean, "lantegiaren errealitate espezifikoa jasoko duen enpresa hitzarmen baten negoziazioa irekitzea eskatzen du" ELA-k, egun dutena "bide garbiketako sektorearena" dela ohartarazi ostean. "Jarduera gehiago biltzen dituen arren, ez dio erantzuten Zubietako zentroko lan errealitateari".

Egoera honetan, laneko eta ingurumeneko legedia zorrotz betetzea eskatzen dio ELA-k enpresako zuzendaritzari. "Erraustegian langileek, bai herritarrek, oro har, eskubide horiek bermatuak izan beharko lituzkete".

Erraustegiko langileekin gertatzen ari denaren erantzukizuna "Ekobaleko zuzendaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokie", aipatu sindikatuaren esanetan, ohartarazten dutenez, "azken horrek aipatutako azpikontratari esleitu zion erraustegiaren ustiapena".