Duela aste batzuk egin zuen agerraldiaren haritik urrats berriak eman ditu GuraSOSek Zubietako erraustegiaren bueltan eta zehazkiago esanda, Arkaitzerrekako isurien auzian. Aurreko prentsaurrekoan iragarri zuten, akusazio gisa aurkeztu zela GuraSOS auzi honetan, Guardia Zibilak isurketen gaiaren inguruan egindako ikerketaren berri ematearekin batera. Ikerketan sakondu eta ikerketa ildoak zabaltzeko "hogei ikerketa-eginbide" eskatu dizkio GuraSOSek auzitegiari. Baita ikertutako pertsonak 17 izatea eta ez aurreikusia dagoen moduan 11. "Horien artean, GHK, Ekondakin Kontzesioduna eta Ekobal operadoreko 6 koadro tekniko eta arduradun sartuz eta erakunde juridiko horiek ikertutako gisa egoztea".
Dagoeneko eginbideak zabaltzeko eskaera idatzia aurkeztu du GuraSOSek ostegun goiz honetan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako agerraldian berri eman duenez. "Argi dago Arkaitzerrekako isurketen kasuan delitua dagoela, Guardia Zibilak adierazten duen moduan eta beraz, kondena epaiak egongo direla". Ahalik eta maila baxuenean ordaintzen ahaleginduko direla adierazi du GuraSOSek, "baina argi dago hemen erantzukizunak maila gorenean daudela".
Bide honetan, "egia argitzeko azken erantzukizunak argitzeko urratsak emango ditugu, arrain potoloek ihes egin ez dezaten".
Martxan, lanak bukatu gabe
Eginbideak zabaltzeko eskaera GuraSOSen esanetan, Guardia Zibilak 2020ko maiatzeko Arkaitzerrekako amoniako isurketaren harira hasitako ikerketari lotua dago. Ikertzen hasita, lehendik isurketarik izan zela jakin ahal izan zuten eta, urte bereko matxoaren 18an. Ez hori bakarrik. "Konturatzen dira ingurumen baimenak ez duela onartzen edo ahalbideratzen ezta probatzea ere, obrak bukatu ez badira". Bestela esanda, erraustegian "probak egiten aritu dira, obrak bukatu gabe eta Ingurumen Baimen Bateratuak aurreikusitako segurtasun-sistemarik gabe, beharrezko bermeak jarri gabe", GuraSOSek salatzen duenez.
Adibide moduan jarri dute Arkaitzerrekako isurketek agerian utzitakoa. Batetik, hildako aingira batean aurkitutako "osagai oso toxikoei" arreta berezia jartzea, ikertzea eskatzen du GuraSOSek, "bere jatorria ikertuz eta beharrezkoa bada kautalezko neurriak hartuz". Elkarte honen esanetan, aingira horren "ehunean agertutako kloroalkanoen eta metalen maila handiaren jatorria edo emisio-iturria" sakonago behatzea ere bai, "substantzia hori zein iturrik askatzen duen zehazteko; hala ere, hautagaiak izan daitezke bizitza baliagarriaren amaieran hiriko hondakin solido gisa kudeatu ohi diren plastikoak, gomak edo pinturak, instalazioak erregai gisa erabiltzen dituen materialak". Oso substantzi toxikoa dela ohartarazten du GuraSOSek, 2004tik debekatua Europar Batasunean, "minbizia sor dezakeela" eta kalte larriak ingurumenean.
Dokumentuekin gezurtatzen
Amoniako isuria euri uren sarera isuri zen eta ehunka arrain eta angila hil zituen. "Euri uren sarea ere bukatu gabe zegoela deskubritzen du Guardia Zibilak", dio GuraSOSek. "Bi deposituen lotura ez zegoenez uraren biltegia askoz txikiagoa zen eta errekara isurtzeko arriskua askoz handiagoa zen". Horren aurrean, "GHK-k bere burua zuritzeko beti adierazi izan du biltegiok ez zutela loturarik euri uren sarearekin eta ezin zuela ezer isuri errekara". Hasieran proiektatua zegoena aldatu egin zuten ordea gero "baina GHK-k berak jakin eta onartu gabe" gertatu zela dio. GuraSOSek goizeko agerraldian erakutsitako dokumentazioarekin argitu nahi izan du, "gezurra dela. GHK-k Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari sistema berriaz" ohartarazi ziola dio GuraSOSek.
Obrak bukatu gabe beraz, bana "lanok bukatutzat jotzen zuen ziurtagiri bat aurkeztua zuen GHK-k 2020ko otsailaren 10ean Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari". Baina obra zuzendariak aldiz, iragan 2020ko abenduaren 10ean sinatu zuen lanen amaiera. "Ezinezkoa zen beraz, maiatzaren 7an obrak bukatuta egotea". GuraSOSen esanetan "proposatzen da instrukzio-epaileak UCOMi agindu diezaiola zehaztu dezala instalazioek behar bezala funtzionatzen dutela ziurtatzeko eta kutsadura zein isurketak ekiditeko eta langileen eta ingurumenaren segurtasuna bermatzeko ezinbestekoak diren zen obra, segurtasun-sistema, funtzionamendu- eta segurtasun proba, instalazio eta gainerako neurri zuzentzaile eta kontrol neurri egin edo jarri gabe zeuden".
Baita "baldintza horietan funtzionatzeko ingurumeneko eta industriako agintarien berariazko administrazio-espresurik ba ote zegoen" edo lanean ari ote zen "baldintza horietan jarduteko edo probatzeko administrazio-baimena edo -onespena lortu gabe". Kasu honetan lege urraketarik balego, GuraSOSk ohartarazten du "espetxe-zigor handiagoak ezartzen" dituela Zigor Kodearen 327. artikuluak.
Irabaziak enpresa emakidadunarentzat
Eta bitarte horretan, enpresa emakidadunak "etekin ekonomikoa" eskuratu duela salatzen du GuraSOSek, "46 milioi eurokoa dela kalkulatzen dugu". Dirutza hau irabazi ahal izan du aipatu elkartearen esanetan, obrak bukatu gabe kontratua martxan jarri ezin zen arren dirua jaso duelako eta "probak ez egiteagatik kontratuak aurreikusten zituen zigorrak jarri ez zaizkiolako". Horregatik eskatzen dute enpresa emakidadunaren inputazioa, "onura ekonomikoa dagoelako" hainbat urraketa egonda ere.
Ekobal eta Ekondakin enpresak "pertsona juridiko gisa inputatzea" eskatu du GuraSOSek. Momentuz, GHK da inputatu bakarra eta urtarrilaren 13rako dago aurreikusia "bere ordezkariaren agerraldia".