"Guk Zubietan zer?" parte hartze prozesuko emaitzen aurkezpena gaur

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 14a, 09:10

Etorkizuneko Zubieta marrazteko zubietarrek iazko udazkenean jorratu zuten parte hartze prozesuko emaitzak aurkeztuko ditu Usurbilgo Udalak astearte honetan, abenduaren 14an.

Etorkizuneko Zubieta marrazteko parte hartze prozesua bideratu zuten iazko udazkenean. Lanketa hartako emaitzak etorkizuneko Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) txertatu asmo dituzte. Aurrez zubietarrekin batera jorraturiko bideak emandakoa aurkeztu asmo dute, astearte honetan, abenduaren 14an, arratsaldeko 18:30etan Kaxkapen.

"Guk Zubietan zer'" parte-hartze prozesuko emaitzak nola txertatuko ditugu Usurbilgo HAPOan?" saioa iragarri du Usurbilgo Udalak biharko. Prozesu horretan zubietarrek eginiko ekarpenak gero Usurbilgo HAPO-an txertatuko dira eta plangintza honek "hurrengo 10-15 urterako Usurbil marraztuko du", Udalak iragarria duenez.

"Nortasun propioa duen aldetik, gogoeta gune berezitu bat sortzea" erabaki zuten Zubietan. Helburua argia da: "etorkizun hurbila zubietarrek eurek irudika dezaten". Prozesuaren nondik norakoak Udalak eta Zubietako Herri Batzarrak landu zituzten. Donostiako Udalak ere parte hartu du prozesuan zehar.