Beste sute bat- ez da lehenengoa- Zubietako erraustegiko eremuan. Hedabide ezberdinak berri ematen ari direnez, biometanizazio plantan jazo da astelehen goiz honetan, urtarrilaren 3an. Goizeko 10:00ak aldera gertatu da eta antza suhiltzaileek bereahala itzali ahal izan dute. Zehazki, biometanizazio plantako tailerrean izan omen da soldadura lanak egiten ari zirela.
Hedabide ezberdinek jaso dutenez, GuraSOSek gertaera larritzat jo du gaur goizean erraustegiko eremuan izan dena, lan segurtasunarekin lotutakoa litzateke. Bilgune honen esanetan, "soldadura lanetako txnpartek substantzia sukoietara heldu dira. Beraz segurtasun arduragabekeria larria izan da".
Ez da lehenengo sutea
Gaurkoa ez da halako gertaera bat jazo den lehen aldia izan Zubietako erraustegian. Herritarroi hainbat gertaera ezkutatu zitzaizkigula salatuz, 2021eko urte hasieran eginiko agerraldietako batean zerrendatu zituzten:
1-2018ko martxoaren 22an SOS Deiak-ek dei bat jaso zuen. Arkaitzerrekan isurketa bat izan zen. Erraustegiaren obrak ziren.
2-2019ko ekainaren 11n leherketa bat eta sute txiki bat gertatu ziren transformadore nagusiaren babes lekuetan. Transformadorea baimenik gabe eraiki eta martxan jarri zuten.
3-2019ko uztailaren 28an isurketa berri bat izan zen Arkaitzerrekan.
4-2020ko maiatzaren 9an bizilagun batek SOS DEIAK-i deitu zion. Ehunka arrain eta aingira hilda agertu ziren Arkaitzerrekan. Istripu-kimikoa. Egun batzuk zeramaten ur amoniakodun milioika litro isurtzen. Errekaren ekosistema txikitu zuen; erabateko delitu ekologikoa.
5-2020ko irailaren 1ean berriro transformadore nagusian sute bat izan zen. Hirugarren industria-istripu larria.
6-2020ko azaroan sute larri bat gertatu zen erraustegiaren hondakinen hobian. Ez zieten suhiltzaileei deitu, eta langileek beraiek kontrolatu zuten sua.
7-Abenduaren 31n erraustegiaren hobian sute berri bat izan zen, langileek amatatu zuten.
8-2021eko urtarrilaren 12an hirugarren sutea bi hilabeteko epean. Oraingoan suhiltzaileei deitu zieten eta SOS DEIAK-ek Twitterren gertaeraren berri eman zuen. Sutea bezperan sortu zen.