2022ra begira

Zubietak badu etorkizunerako bide-orria

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 7a, 11:13

2020ko udazkenean bideratu zuten parte hartzeko prozesuko emaitzak aurkeztuta, etorkizunerako bide-orria marraztua du Zubietak.

2020ko udazkenean zehar “Guk Zubietan zer?” izeneko parte hartze prozesua bideratu zuten Zubietako Herri Batzarrak, Usurbilgo Udalak, Donostiakoak. Saio haietan, Zubietako etorkizuna marrazteko aukera izan zuten bizilagunek. Prozesuak emandakoa iragan hilabetean aurkeztu zuten zubietarren aurrean, Kaxkapen. Ekarpenak gero, Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) txertatu asmo dituzte. “Hurrengo urratsa asmoak HAPO-an jaso eta hau dena bateragarri egitea” litzateke Usurbilgo alkateak adierazi zuenez. Donostiako Udala bere plangintza berrikusteko prozesua hasi berri duela jakinarazi zuten Kaxkapeko ekitaldian eta etorkizunean, “Guk Zubietan zer?” ekimenak emandakoa HAPO-n txertatu eta dokumentu hau behin betiko onartu aurretik “Donostiako Udalarekin adostu beharko da konpatibilizazio dokumentua”.

Zubieta bizi eta euskalduna
Hainbat egitasmo, erronka marraztu zituzten zubietarrek “Guk Zubietan zer?” parte hartze prozesuan zehar. Batetik, ingurumenarekin duten hartuemana erdigunean kokatzea; tartean baso eta ibaiekin, eta hauen ezagutza eta zaintza sustatzea. Ibaiei leku egiteaz jardun zuten, baserriak mantentzeaz eta hauek bizileku ezberdinetan zatitzeko aukeraz.

Bizikleta erabiltzaileak eta oinezkoak lehenetsi eta garraio zerbitzu publikoa dituen mugikortasun aktiboa bultzatzea ere nahi dute zubietarrek. Eskuhartze beharra ikusten dute Santuenea eta Zubieta lotzen duen bidean, eragiten duen arriskuagatik. Lotura zuzenago eta erosoagoa nahi dute Usurbilgo Kaxkoarekin, tren geltokiarekin loturak hobetzea. Urbil ondoko tren geltokia berreskuratzeko aukera ere planteatu dute.

Zubieta gune bizi, euskalduna, kolektibitatean oinarriturikoa herri gisa ikusten dute. Tokiko garapena sustatzea planteatu dute (oinarrizko produktuen denda bat sortzea, zubietarren bilgune izaera izango duen kultur ekiptamendua eraikitzea) eta trantsizio energetikoaren erronkari heltzea. Hirigintzari dagokionez, Kaxkoa ahal dela urbanizatzen ez den lur eremua izatea eta lur urbanizagarriak nekazal lur izatera itzultzea; baita etxebizitza beharrak zubietarren errealitatera egokitzea…