Langile zein langabetuentzako doako ikastaroak Lanbide Eskolan

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 11a, 08:35
Argazkia: Lanbide Eskola.

Lanbidek osorik lagundutako eskaintzan izen emateko aukera ireki du Usurbilgo Lanbide Eskolak.

Nork bere formakuntzan sakontzeko eskaintza zabala plazaratu du beste urte batez Usurbilgo Lanbide Eskolak. Langile zein langabetuentzat, doako ikastaroak antolatu ditu. "Ikastaro hauek Lanbideren % 100eko diru-laguntzarekin finantzatzen dira. Beraz doan dira ikasleentzat eta ikastetxean bertan ematen dira urtean zehar, arratsaldetan", ohartarazi dute Lanbide Eskolatik.

Jakintza edo ezagutza multzo ezberdinetan sailkaturiko ikastaro eskaintza zabala antolatu dute; fabrikazio mekanikoa (planoen interpretazioa, CAM GIBBS, Catia...), administrazioa eta kudeaketa (bezeroei lotutako ekintzak, online tramiteak, nominak eta kontratuak, inteligentzia emozionala...), elektrizitatea (instalakuntza elektrikoen muntaia eta mantenua, oinarrizko programazioa eta aurreratua...), instalazioa eta mantenua (klimatizazio eta aireztapen instalakuntzen muntaia eta mantenua, oinarrizko iturgintza, etxebizitzen oinarrizko mantenua, instalakuntza termikoen diseinua...), energia eta ura (energia berriztagarriak eta garapen jasangarria, fotovoltaikoa, uraren ziklo integralaren efizientzia energetikoa...), ostalaritza (taberna eta kafetegi zerbitzuak, ardo dastatzea...) nahiz formakuntza osagarria (yogaren bidezko estresaren kudeaketa, coaching, bezeroen arreta eta kudeaketa egoera zailetan...).

"Aprobetxatu une hau trebatzeko, birziklatzeko, eguneratzeko", luzatu dute gonbita Lanbide Eskolatik. Izen ematea zabalik dute jada. Parte hartzaile izan nahi dutenei zuzenduriko oharra. "Covid19aren aurkako babes eta segurtasun neurri guztiak betetzen ditugu".

Izena eman nahiz informazio gehiagorako:
943 364 600
Etarte bidea, 9, Zubieta
lhusurbil.eus
cursos@lhusurbil.eus