Hipodromoa herrira gerturatzen

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 13a, 08:09

Bere izen abizenak ETB-k abenduaren 16an eskaini zuen “Biba Egunean Behin” lehiaketaren final handia irabazi berritan agertu zitzaizkigun telebista pantailan. Baina lerrootan mintzagai dugun beste zaletasunik ere badu; zaldien munduari, Zubietako hipodromoari lotutakoa. Garaipena eta afizioa batu ditugu Jon Arroyo Alkortak NOAUA!-ri eskaini dion elkarrizketa honetan.

Zaldien munduarekiko hartuemana non jaiotzen da?
Lasartearra izanda txikitatik beti hipodromora joan izan naiz. Zaldi jabea izan naiz beste 20 lagunekin batera, oso dibertigarria izan zen. Pisu epailea eta komisarioa ere bai, lasterketen arbitroa alegia. Tarteka aldizkari batean edo bestean artikuluak idazten ditut. Itxialdia heldu zenean, lehendik nuen ideia bat gauzatzeko unea iritsi zen, alor honi buruzko web orrialde bat euskaraz egitekoa, zegoen hutsunea betetzeko. Beste usurbildar batekin, Jon Sanzekin bildu nintzen eta berak aurrera egiteko asmoa agertu zuen. Itxialdian ginela, aukera ederra izan zen. Hor sortu genuen zaldilasterketak.eus web orria. Egitasmo honetako kide dugu David Argindar argazkilaria, hipodromoko argazkilari ofiziala, zorte handia dugu.

Web orri dibulgatzailea?
Hipodromoak badu jende madrildarra dabilen estigma hori baina euskal giroko jendea mugitzen dela ikusten genuen. Bertara doanak Lasarte nahiz Usurbilgo jende nahikoa ikusiko du, tartean euskaldun asko. Ez zegoen gai honi buruzko ezer euskaraz. Bozgorailuetatik informazioa erdaraz eta euskaraz ematen da baina ez dago beste ezer. Web orriak alde dibulgatiboa du, izan ere euskal hiztegi bat sortzen ari gara. Terminologia zehatzeko mundua da, oso berezia, hiztegia egiten ez da erraza. “Egun bat hipodromoan” bezalako atal bat sortu genuen, bertara lehen aldiz doanarentzako aurkezpen batekin. Hipodromoko nahiz nazioarteko txapelketen pronostikoak, kronikak lantzen ditugu. Nik nazioartekoa lantzen dut, Jon Sanzek hemengoaren jarraipena egiten du. Urrezko kopa heltzean bideoak sortzen ditugu euskaltzaleei hitza emanez, bakoitzak faboritoa nor duen adieraz dezan, saltsa pixka bat sortu eta euskara bizirik egon dadin hipodromoan.

Zubietako hipodromoa nazioartean non kokatzen da?
1916an ireki zen hipodromoa. Estatu mailan Madrilgoa da hipodromo nagusia, dirua hark banatzen du, haren arabera hemengoa antolatzen da. Oraintxe bertan Frantzian bigarren industria da zaldi lasterketena, kotxeenaren ostean. Hipodromo hau hango sarean sartzen dute eta nazioarteko ikusgarritasuna ematen diote. Ez dira izaten munduko lehen mailako lasterketak, baina profesionalak nahiko onak dira. Hemengo zaldiei errentagarritasun handia ateratzen zaie Frantziara bidaiatuta.

Zer nolako hipodromoa da web gune bidez jendarteari aurkeztu nahi diozuena?
Aurkeztu nahi diogun irudia da, hemengo hipodromo baten irudia. Familia bati igande arratsalde batean hipodromora joan dadila gomendatuko nioke. Azkenean kirol ikuskizun bat da aire librean, familientzako oso egokia dena. Apustuen mundua hor dago, baina beste mundu asko daude. Dakien norbaitekin joango balira askoz hobeto, baina benetan plan oso polita da familientzat arratsalde bat hipodromoan igarotzea.

Ezezaguna da oraindik ezta?
Biarritzen bada hipodromo bat trotekoa baina beste mundu bat da. Hemengo hau berezia da; belazean egon zaitezke zaldiak ikusten umeekin, izozki bat janez, apustu bat egin nahi baduzu eginez. Apustuena arlo bat gehiago da. Joaten den jendeak beste errealitate bat ikusten du. Animaliak ederki zainduak. Goi mailako kirolariak dira zaldiak, hala daude zainduak eta entrenatuta. Gure web orrialdeak ikusmina sortu eta norbait hipodromora erakartzen laguntzen badu gu gustura.

Herri ondarearen partea da jada.
Hipodromoaren sorrera I. Mundu Gerra hasi zenean izan zen. Donostiako kasinoa zeraman gizonari bururatu zitzaion ideia. Europan gerran zeuden, espainiar estatua neutrala zen eta hiruzpalau hilabeteetan eraiki zuten 1916-17an. Europako zaldi onenak hipodromo honetara etorri ziren ez zegoelako besterik. Geroztik fase ezberdinak bizi izan ditu gaur arte. Berrikuntza bat behar du egun, behin behinekotasun batean sartua dago.

Euskarazko zuen webgunea nori zuzendua legoke bereziki?
Bi helburu genituen. Batetik, hor gauden euskaldunak denak ezagutzen gara eta haientzat, esperientzia dutenentzat zerbait landuagoa egitea. Eta bestalde, hasiberriarentzat edo inoiz hipodromora joan ez denari ere zuzenduriko materiala sortzea: hiztegia, “egun bat hipodromoan” atala, zaldi odol garbia zer den azaltzen duen dibulgazio lana... Erronka handia da agian bi lagunen artean lantzeko, baina hutsune hori betetzen badugu gu gustura.

Zaldi odol garbia zer den azaltzerik bai?
1600. urte inguruan arabiar emirrak hiru semental oparitu zizkion Ingalaterrako erreginari. Hiru semental horiek garai hartan Ingalaterran zeuden zaldiekin nahastu zituzten. Norbaiti dena apuntatzea bururatu zitzaion. Horri esker, urte haietatik gaurdainoko zuhaitz genealogiko osoa eskuratu daiteke. Hiru zaldi horietatik datoz gaurdainokoak. Nahasketa bat da ondorioa, “odol garbi ingelesa”. Ez dago odol garbirik. Bi senideetako baten ondorengoak galduak daude. Lasterketen helburua da, zaldi onenak hautatzea hurrengo horien seme-alabak izateko. Lasterketen helburu nagusia da, arraza hobetzea da.

Afizioa ofizio bilakatzeko aukera planteatu duzue?
Ez. Komisario edo epaile izatetik igaro naiz. Hau pasioa da.

Uda partean izaten da bizien hipodromoa ezta?
Ekainetik iraila hasierara izaten da martxa gehiena. Sevillako hipodromoa itxita dagoenez, jardunaldi batzuk izango dira apirilean. Urtean zehar nazioartera begira izaten gara. Orain Pauko hipodromorako pronostiko batzuk egiten ari gara Twitter kontuan. Internazionala bilatzen dugu urtean zehar.

Informazio gehiagorako: zaldilasterketak.eus. sare sozialetan, zlasaterketak.


“29.000 lagunek parte hartu zuten, arrakasta itzela”
Egunean Behin lehiaketako txapelduna. Bidaia bat irabazi duzue. Erabaki duzue noiz, nora joan?
Jon Arroyo Alkorta:
Bidaia agentzia batean 2.000 euro gastatzeko txartel bat da saria. Ez du epe muga edo zehaztasunik. Egoera dagoen bezala, oraindik erabakitzeke dugu, baina agian Paris aldera joko dugu.

Nola bizi izan zenuten garaipen gaua?
Kalera gindoazen baina ETB-ko saioa hasita zegoela konturatu eta azkenean ez ginen atera. Hasieran berokia jantzita hasi ginen parte hartzen kalera gindoazelako eta lehiaketan murgildu ginen.

Edizio baten amaiera gaua zen. Nolakoa izan da zure parte hartzea?
10 astez egon da txapelketa eta ondoren final bat egin da zuzenean ETB-n, non 29.000 lagunek parte hartu duten, arrakasta itzela. Finalean nik bakarrik 10 galderak asmatu eta saria niretzat, zorte handia izan dut.

Finalera iristeko denetarik jakin behar da?
Kultura orokorreko galderak izaten dira, baina zuzeneko saio batean zortea izan behar da. Dakizkizun edo gutxi gorabehera ezagutzen dituzun gaiei buruzko galderak egokitzea da gakoa. Normalean 8-10 galdera asmatzen ditut baina egun horretan dena alde atera zen, bi hamarreko atera nituen eta finalean ere beste hamarreko bat. Dena bikain atera zen.

Zer du lehiaketa honek hainbeste parte hartzaile erakartzeko?
Euskaldun izateak militante izatea eskatzen du. Egunean behin lehiaketak egunean minutu bat edo bi kentzen dizkizu. Lagunekin umore giroan aritzeko aukera ematen du eta horretan datza. Egunean behin, jolasteko minutu bat edo bi denok ditugu.

Ez zarete elkar ezagutuko baina lehiakideon arteko sare bat, komunitate bat eraikitzen lagundu du lehiaketak?
Egia esan 29.000 pertsonek parte hartzea une jakin batean, denak zuzenean Euskal Herri mailan, arrakasta handia iruditzen zait. Harrigarria.

Zure kasuan, ez zen lehiaketan parte hartuko zenuen lehen aldia izango?
Aurrekoetan finalak ezberdin antolatzen ziren, sailkapeneko lehen 50 edo 100ek parte hartzen zuten. Ni ez nintzen sartzen hor, baina orain finalak irekiak dira eta nahi duenak parte har dezake. Horrek ere bere bizitasuna ematen dio.

Usurbilen ere talde bat bada, hor ere saltsa egongo da.
200etik gorako pertsonen talde bat dago. Egunero ikus dezakezu herriko sailkapena, lagun baten aurretik edo atzetik zauden.

Edizio hau amaituta, hurrengoaren zain?
Nik nahikoa egin dut jada. Halere, berriz hasten denean, hurrengo edizioan parte hartuko dugu.