Mintzalagun egitasmoaren aurkezpena ostiralean Zubietan

Euskara ahotan hartzea bultzatzen duen ekimena Zubietan bertan martxan jarri nahi dute. Aurkezpen ekitaldia deitu dute ostiralerako, otsailaren 11rako.

2010etik martxan da Usurbilen, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan ahotan hartzea sustatzen duen Mintzalagun egitasmoa. Ekimena Etumeta AEK euskaltegiak, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak abiarazi zuten. Ordutik hamarkada luze honetan, hainbat eta hainbat herritarrek parte hartu dute egitasmoan; bai bidelagun zein bidegile moduan. Astero, kafetxo baten bueltan tertulia giro goxoan, oinez ibiltzera irtenaz edota bestelako planen baten bueltan, baina beti euskara komunikazio tresna gisa hartuta. 

Jauzi berri bat emango du orain egitasmo honek. Zubietan bertan Mintzalagun bultzatu eta hedatu nahi dute. "Zubietan euskaraz praktikatu nahi?", hortxe gonbita. Egitasmoaren nondik norakoak aurkezteko ekitaldia deitu dute ostiralerako, otsailaren 11n, arratsaldeko 17:00etan Kaxkapen. "Euskara praktikatu nahi baduzu, baina ez badaukazu norekin egin, edo euskalduna izanda euskaraz bizitzeko aukera berrien bila bazabiltza, Mintzalagun programa dugu zuretzat".

Sustatzaileek gogorarazten duten moduan, "parte hartzaileek erabakitzen dute zer egin eta noiz egin. Taldeak kafetegian edo paseatzeko batu ahal dira, baina beste aukera asko egon daitezke: zinemara joatea, bizikletaz ibiltzea, mendira joatea...".