Zubietan ere martxan jartzeko aurkeztu dute Mintzalagun

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 12a, 10:41

Bidelari eta bidelagunen bidez, euskararen erabilera indartzeko Mintzalagun egitasmoa aurkeztu dute ostiral honetan Zubietan. Parte hartzeko interesa dutenek izen emateko bideak zabalik dituzte.

Usurbilen bezala, Zubietan ere euskara ahotan hartu eta erabilera indartzeko gonbita luzatu dute ostiral honetan Kaxkapen aurkeztu duten Mintzalagun egitasmoaren bidez. Mintzalagun Zubietan ere sustatzeko taldea osatze bidean lehen urratsa eman dute beraz, otsailaren 11ko aurkezpen saioarekin.

Gogoan izan 2010. urtean abiarazi zuten euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan hartzeko egitasmoak bidelagun eta bidelariak behar izaten ditu. Euskaraz dakitenak, eta euskara ikasten aritu edota mintzapraktikarako gune berrien bila dabiltzanak. Astean ordubeteko konpromisoa baino ez du eskatzen ekimenak; kafetxo baten bueltan edota paseotxo bat emanez euskara ahotan hartzea. 2010az geroztik Zubietako aurkezpenean ziotenez, hainbat talde osatu dira Usurbilen, tartean, "talde iraunkor" bat baino gehiago.

Proiektua elkarlanean jarri zuten martxan Etumeta AEK euskaltegiak NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak. Hiru eragileok ekimenaren jarraipen batzorde bat osatua dute. Usurbilen duela 12 urte martxan jarritako Mintzalagun orain Zubietara zabaltzeko asmotan dira. Gehienez lau kideko taldeak osatzea litzateke xedea. Orohar gertatzen ari den moduan, euskararen erabileran eragin nahi dute modu honetan. 

Hortxe beraz gonbita. "Euskara praktikatu nahi baduzu, baina ez badaukazu norekin egin, edo euskalduna izanda euskaraz bizitzeko aukera berrien bila bazabiltza, Mintzalagun programa dugu zuretzat". Mintzalagunen, "parte hartzaileek erabakitzen dute zer egin eta noiz egin. Taldeak kafetegian edo paseatzeko batu ahal dira, baina beste aukera asko egon daitezke: zinemara joatea, bizikletaz ibiltzea, mendira joatea...".

Zubietan nahiz Usurbilen Mintzalagunen izena emateko bideok dituzue:
607 609 379
praktikatu.eus/blog/usurbil
usurbil@aek.eus

Hikalagun
Hikalagun dinamika ere martxan dute Usurbilen, udazkenaz geroztik. “Bi figura elkartu nahi dituzte hika moldatzen direnak eta hika aritzeko prest bai baina laguntza behar dutenak”. Hikalagun izateko izen-ematea zabalik dute; usurbil@aek.eus helbidera idatzita edo 607 609 379 telefono zenbakira deituta.