Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia dute gaur, Zubieta eta Usurbilgo ordezkariek

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 23a, 07:14

"Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzen dituen foru-arauaren berrikuspenari buruz eztabaidatzeko Ponentzia" saioan hartuko dute hitza, Zubietako Herri Batzarreko nahiz Usurbilgo Udaleko ordezkariek. Arratsaldeko 15:00etan hasiko da saioa eta zuzenean online bidez jarraitu ahalko duzue.

Zubietako Herri Batzarrak eta Usurbilgo Udalak hitza hartuko dute asteazken honetan, martxoaren 23an, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Asteazken arratsaldeko 15:00etan izango da, "Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzen dituen foru-arauaren berrikuspenari buruz eztabaidatzeko Ponentzia" saioaren baitan.

Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez, "Gipuzkoako Batzar Nagusietan ponentzia bat eratu da Gipuzkoako udalerrien mugak arautzen dituen foru araua berrikusteko asmoz". Hainbat udalerrietako ordezkariek parte hartu dute ponentzia horretan. Zubietaren txanda izango da asteazken honetan. 

Saioa, aurreko bilerako akta onetsiz hasiko dute. Segidan, Zubietako Herri Batzarreko ordezkaritza batek hartuko du hitza, eta haren segidan, Usurbilgo Udalekoak, kasu honetan, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Usurbilgoaren ostean, Donostiako Udaleko ordezkaritzaren txanda. Antza, Zubietaz gain, Igeldori buruz ere mintzatuko da Gipuzkoako hiriburuko udal ordezkaritza.

Saioa, zuzenean jarraitu ahalko duzue, aipatu moduan, arratsaldeko 15:00etan hasita, esteka honetan: http://jggipuzkoa.seneca.tv/lives