NOAUA! Zerk eraman zaitu Eskoziara?
Beñat de Miguel: Lanak ekarri ninduen Eskoziara duela ia 11 urte. Dentista naiz eta aukera sortu zitzaidan hemen lan egiteko. Oraindik ziur esaterik ez badaukat ere, asmoa aurten etxera itzultzekoa da, baina aurrena gauzak nola dauden ikusi behar.
Egunerokotasunean, lanean behintzat, ingelesez hitz egin beharko duzu. Zer moduzko maila daukazu? Ondo moldatzen al zara?
Hasiera batean eskolan ikasitakoarekin ekin nion abentura honi. Eskoziara etorri aurretik, Ingalaterran eman nituen hiru hilabete ingelesa ikasten. Behin maila hobetuta, hona etorri nintzen eta lanean hasi nintzen hortz klinika batean.
BEÑAT DE MIGUEL
“Dentista naiz eta aukera sortu zitzaidan hemen lan egiteko. Oraindik ziur esaterik ez badaukat ere, asmoa da aurten bertan itzultzea etxera”
Brexit-aren eragina
Brexit-a martxan da. Eskozia izan zen prozesu horren aurka zegoen zonalderik nagusiena. Zein iritzi daukate orain eskoziarrek?
Orokorrean, Eskoziako biztanle gehienak Brexit-aren aurka zeuden. Neurri batean, askok bigarren erreferendum bat eskatzearen arrazoi nagusi izan daiteke gai hau, beste batzuen artean. Kalean, jendeak ez du gehiegi hitz egiten Brexit-ari buruz edo ez behintzat eguneroko elkarrizketa horietan.
Bere garaian gehiago hitz egin zen gai bat izan zen, baina gaur egun ez dirudi hala denik.
Arazorik izan duzu Brexit-ari lotuta atzerritarra izateagatik?
Nik ez dut orain arte inolako arazorik izan. Duela hiru urte dokumentazio berezia bete behar izan nuen Brexit-aren ondorioz arazorik ez izateko. Mugikorrerako aplikazio bat jaitsi nuen, pasaportea eskaneatu eta hemen bizi naizela erakusten duen froga bidali etxeko helbidea emanda eta argazki bat bidali. Bost edo hamar minutu eman nituen prozesu hori egiten, oso sinplea izan zen. Horrek, hemen bizitzeko eskubidea eman zidan. Gerora, ez dut arazorik izan gai horri lotuta.
“Janaria, eguraldia eta bizitza soziala botatzen ditut faltan”
NOAUA! Eskoziarrak eta ingelesak oso ezberdinak omen dira, ezta?
Beñat de Miguel: Umore ederra duten pertsonak dira, orokorrean, eta oso gertukoak. Nik egunerokotasunean pazienteekin izaten dudan harremanean, behintzat, erraz hitz egiten dut beraiekin eta ez dira batere hotzak. Gustatzen zaie txantxazaleak izatea ere, eta atseginak dira. Ingelesekiko duten ezberdintasun nagusiena mundu ikuskera da. Bereziki, azken urteetan, ikuspegi politikoan Eskoziak ezkerrerako joera hartu du eta Ingalaterra, berriz, kontrako norantzan doa.
BEÑAT DE MIGUEL
“Azken urteetan, politikoki Eskoziak ezkerrerako joera hartu du eta Ingalaterra, berriz, kontrako norantzan doa”
Independentziaren inguruko erreferendumaren oihartzuna zabaltzen ari da azken urteetan. Zer diote eskoziarrek horren inguruan?
Giro politikora mugatutako zerbait da momentuz. Egunerokotasunean ez dute horretaz hitz egiten, eta kalean ere ez da mugimendu berezirik nabari, ez behintzat orain.
Hamaika urte kanpoan pasa dituzu. Etxeko zerbait faltan botako duzu ala dagoeneko ohitu zara hango bizimodura?
Bai, eta neurri batean horregatik daukagu itzultzea buruan. Janaria, eguraldia eta bizitza soziala botatzen ditut faltan gehien.
Behin etxera itzulita ea gauzak nola diren ikusi beharko dugu, eta bizimodu berri bati ekin. Epe luzera ikusiko dugu zer egiten dugun.
“Covid neurriei dagokionez, antzeko egoeran gaude”
NOAUA! Brexit-a ez da Eskoziako arazo bakarra. Pandemiak leku hori ere jo du. Etxera itzultzeko edo egunerokotasunerako arazorik izan duzu?
Beñat de Miguel: 2020ko otsailean izan ginen etxean, eta hurrena 2021eko abuztura arte ezin izan ginen itzuli. Orain, horko eta hemengo egoera antzekoa da Covid neurriei dagokienean. Neurri nagusia musukoaren erabilerari lotutakoa da, leku itxietan ezinbestekoa baita musukoa eramatea. Neurri gutxi batzuk gehiago ere badaude, baina ezer gutxi geratzen da orain.
Diskotekek uste dut oraindik badutela neurri batzuk jarraitu beharra, barran ezin da kontsumitu, eserita mahaian kontsumitu behar da. Neurri horiez gain, gainontzean ez da besterik geratzen.
"TOKITAN" ATALA
NOAUA!n zabaldu dugun atal berri honi ‘Tokitan’ izena ipini diogu. Atzerrian bizi diren usurbildar gehiago elkarrizketatu nahi ditugu txoko honetan. Egoera horretan den herritarren bat ezagutzen baduzu, bidali bere izena gure posta helbidera: erredakzioa@noaua.eus