Herbehereetan izan dira Usurbilgo Lanbide Eskolako kide batzuk

Erredakzioa 2022ko api. 8a, 08:10

Usubilgo Lanbide Eskolako Mekanika eta Mantenuko 16 ikasle eta irakasle Herbehereetan izan dira joan den astean. Da Vinci College eta Deltion Collegeko ikasle eta irakasleekin lanean jardun dute 4 egunez elkarlanean, EDUTRANS proiektuaren garapenean sakontzeko. 

Inguruko hainbat enpresetan ere izan dira, etorkizunerako harramanak sendotu eta elkarlanerako bideak sustatzeko asmoz. Ikasleak “oso gustura” itzuli direla esan dute Lanbide Eskolako arduradunek eta esperientzia aberasgarria berriz errepikatzeko gogoarekin daudela. Ikastetxea EDUTRANS proiektu europarrean ari da parte hartzen. Proiektu honetan Usurbilgo Lanbide Eskolaz gain, Herbehereak, Alemania, Danimarka eta Valentziako beste 6 ikastetxe ari dira elkarlanean. Helburua trantsizio energetikoari buruzko ikasketa-planak eta prestakuntza-ereduak garatzea da, enpresekin elkarlanean, ikasleek ere bertan parte hartzeko aukera dutela.