Donostia Festibala Zubietako hipodromora bueltan eta ohiko formatuan

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 12a, 08:21

Irailaren 16rako eta 17rako iragarri dute Donostia Festibala Zubietako hipodromoan. Ohiko formatuan ospatuko da jaialdia. Lehen abonuak salgai jarri ditu antolakuntzak.

Bueltan dator beste urtez batez Donostia Festibala Zubietako hipodromora, aurten garai batean bezala, covid19-ak eragindako osasun krisialdiagatik aurreko edizioak bertan behera utzi edota formatua unean uneko testuingurura egokitu behar izan ostean. 2012tik 2016ra Igeldon ospatu zen, 2017az geroztik hipodromoan. Aurten ohiko formatua berreskuratuko du. Irailaren 16rako eta 17rako iragarri dute 2022ko Donostia Festibala. 

"Donostia Festibala soinurik ezagunenak eta garaikideenak helburu berberaren pean biltzen dituen jaialdia da, publiko guztiek unean uneko artistez eta bandez gozatzeko aukera izan dezaten ekitaldirako jada enblematikoa den Donostiako hipodromoan. Jaialdi inklusibo bat, musika genero ezberdinez gozatzeko, aurreko edizioetan jada sendotuta zegoen identitate batekin", antolatzaileen esanetan.

Aurreko edizioetan "Donostiako hiriak C. Tangana, Nahty Peluso, Bad Gyal, La Pegatina, Lágrimas de Sangre edota Simona bezalako artistei harrera egin zien". Eta aurtengoan ere aurpegi ezagunak espero dira Zubietako hipodromoan; besteak beste, Melendi, Nil Moliner, Arnau Griso, Stay Homas, Nogen eta Bulego taldeak gonbidatuko dituzte. Jaialdirako lehen sarrerak salgai jarri ditu antolakuntzak, donostiafestibala.com atarian.