Lanbide Eskolatik unibertsitatera jauzi egin nahi duena trebatzeko STEAM Prestakuntza Osagarria eskainiko du Usurbilgo Lanbide Eskolak. Zubietan kokaturiko ikastetxetik berri eman dutenez, "ikasle hauei etorkizunean unibertsitatera joan ahal izateko beraien prestakuntza osatzeko aukera eman nahi die. Helburua, ikasleen artean STEAM gaitasunak (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika) indartzea da, etorkizuneko unibertsitate-prestakuntzara egokitzeko, ondoren lan mundura igaro ahal izateko".
Hala, astero sei orduko STEAM errefortzua eskainiko du Usurbilgo Lanbide Eskolak, "jada frogatutako metodologia aktiboak eta tresnak" baliatuta; besteak beste, "robotak eta hezkuntza simulagailuak. Ikastetxeko zuzendari Isidro Zalduaren esanetan, "“STEAM gaitasunak eta zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikako kurrikulum-puntuak landuko dituzten diziplina anitzeko erronkak planteatuko ditugu, errealitatearekin zerikusi zuzena izango dutenak”. Kurrikulumeko arlook landuko dituzte: "Robotika eta Programazioa (Arduino, Scratch, Python), Matematika, Fisika, Kimika, Gaztelania eta Filosofia (pentsamendu kritikoa)".
Etorkizunera begirako formazioa da honakoa. "Lan-munduak erronka berriei aurre egiteko gai izango diren teknikariak prestatzea eskatzen digu. Arazo konkretuak konpontzeko gai izateaz gain, egunerokotik haratago planifikatzeko gaitasuna duten eta ibilbide luzeagoko irtenbideak eskaintzeko gai izango diren teknikariak behar dira”, Zalduak dioenez.
Izen-ematea zabalik
Gogoan izan, aste hasieraz geroztik hilaren 27ra arte zabalik dagoela Usurbilgo Lanbide Eskolan aurre izen-ematea bideratzeko epea. Bost "familia profesionalei" lotutako erdi eta goi mailako zikloak eskaintzen dituzte, euskaraz nahiz gazteleraz: Instalazioa eta Mantenua, Energia eta Ura, Administrazioa, Elektrizitatea eta Elektronika eta Mekanika. "Goi mailako zikloetan ingelesez ere egin daiteke heziketaren parte bat", ikastetxetik argitu dutenez. Horrez gain, "ikastaro eskaintza zabala du bai langileentzat, bai langabezian dauden pertsonentzat".
Informazio gehiagorako:
943 364 600
adkomunikazioa@lhusurbil.eus
lhusurbil.eus