Ehunka arrain hil zituen erraustegitik Arkaitzerrekara izandako 2020ko maiatzeko isuriaren kasuan urrats berri bat eman du, "erraustegiaren funtzionamenduan delitu ekologikorik egon ote daitekeen" ikertzen ari den Donostiako 5. Instrukzioko Epaitegiko magistratuak, GuraSOSek berri eman duenez. "Beste bide bat hartu du: Donostiako Instrukzioko 5. Epaitegiak, 991/2020 aurretiazko eginbideak ireki zituenak, beste inputazio batzuk egitea eta GuraSOS elkarteak eskatutako proba eginbide berriak egitea erabaki du, baita Ingurumen Fiskaltzak eskatutakoak ere".
Aipatu elkartetik gogorarazi dutenez, "bere autoan, magistratuak erabaki du Guardia Zibilaren Sepronari bi ikerketa agintzea". Batetik, “hildako aingira baten ehunean agertutako kloroalkanoen (0,885 mg/kg) eta metalen maila handiaren jatorria edo emisio-iturria aurkitzeko”. Bestetik, “kutsatzaileak ez sakabanatzeko, isurketarik ez gertatzeko edo langileen eta ingurumenaren segurtasuna bermatzea helburu duten zer obra, segurtasun-sistema, funtzionamendu- eta segurtasun-proba, instalazio eta gainerako neurri zuzentzaile edo segurtasun- eta kontrol-neurri zehatzak, egin gabe, instalatu gabe edo behar bezala funtzionatzen dutela frogatu gabe zeuden gertakarien unean eta azkenean zein datetan ezarri diren zehaztea”.
"Oso konposatu toxikoak"
Kloroalkanoen eta metalen ikerketari dagokionean, SEPRONAren ikerketak dioena aipatuz GuraSOSen esanetan, “oso konposatu toxikoak” dira eta “minbizia sor dezaketela gizakiarengan eta beste kalte larri batzuk osasunean eta ingurumenean”, eta, aldi berean, substantzia hori “debekatua dagoela 2004az geroztik EBn. Era berean, aingiran aurkitutako substantzia horren jatorria zehazteko beharra azpimarratu zuen, baina susmoak ikertzen ari zen erraustegiaren jarduerakoak zirela aurreratu zuen: "bizitza baliagarriaren amaieran hiriko hondakin solido gisa kudeatu ohi diren plastikoak, gomak edo pinturak izan daitezke hautagai posibleak, instalazioak erregai gisa erabiltzen dituen materialak”, zioen perizialak".
Hala dela egiaztatuko balitz, hondamendi honen jatorria erraustegian dagoela alegia, GuraSOSek gogorarazi moduan, "epaitegiak jarduera geldiarazteko agindu lezake". Bigarren ikerketa instalazioei lotutakoa dela adierazi dute. "2020ko maiatzean zuen segurtasun-egoera (edo segurtasun-falta) argitzen saiatzen da; izan ere, 2020ko otsailetik %70-80ra bitartean funtzionatzen zuen instalazioak, obrak amaitu gabe, beharrezko probak egin gabe eta martxan jartzeko baimenik gabe".
Inputatu gehiago
Hau gutxi ez eta, "ikerketaren alderdi subjektiboa ere handitu egin da", dio GuraSOSek. "Hiru egozpen edo inputazio pertsonal berri gehitu dira, GuraSOS elkarteak eskatuak. Une honetan, ikertutako hamalau pertsona daude, eta beste lau enpresa ere bai GHK SAU publikoarekin egoera horretan bat egin dutenak". Besteak beste, Cesar Gimeno bide-ingeniaria, GuraSOSen esanetan, egungo GHK-ko eta Gipuzkoako PSE-eko lehendakari eta Foru Aldundiko ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensioren "eskuin-eskua" eta biak Iñaki Arriola garraio sailburu zela "konfiantzako talde kideak" 2009-13 legealdian; Asensio Eusko Trenbideak-eko zuzendari nagusi eta Gimeno lehendakariorde exekutibo izendatu baitzituen Arriolak.
"Ekondakin enpresa kontzesioduna Donostiako Epaitegiak egotzitako beste entitateetako bat da". Bertan dira, "Meridiam, [enpresa] inbertitzailea, hondakinak tratatzeko Urbaser multinazional txinatarra, Altuna eta Uría, Moyua eta Murias eraikuntza-enpresa gipuzkoarrak eta LKS". Ekondakinek sortutako Ekobal "erakunde instrumentala ere inputatu du epaileak" baita labeen teknologia berria erraustegira ekarritako "SBE (Steinmuller Bakoc Enrionment) enpresa alemana" eta "Boldrochi multinazional italiarra ere, ikertutako kubetaren instalazioan parte hartu baitzuen". Horrez gain, "beste lau lekuko izendatzea ere erabaki du; besteak beste, URA inspektorea eta isuriaren salaketa egin ondoren jardun zuen basozaina, eta GHKko proiektuen zuzendaria. Lekukoen deklarazio-data ez da oraindik adierazi".
Inputatuena bai. Ikertu berri hauek guztiak deklaratzen hasteko hitzordua jarria dagoela berri eman du GuraSOSek; irailaren 16an, goizeko 9:30etan. Kasu honen instrukzioa uztailerako amaitzea aurreikusia bazen ere, "beste sei hilabetez luzatzea espero da".
Bi mila orrialdeko ikerlana
Gogoan izan, Ingurumen Fiskaltzan aurkeztutako salaketa bat du abiapuntu instrukzio lan honek; 2020ko maiatzean Zubietako Arkaitzerrekan izandako isurketari lotutakoa. "Guardia Zibilaren Ingurumen Unitate Zentral Operatiboak (UCOMA) ikerketa burutu zuen, bi mila orri baino gehiagotan jasoa, eta Ekobaleko langile xume batzuk eta GHK-k berak, besteak beste, 2022ko urtarrilaren 13an inputatu moduan deklaratu zuten".
Albiste honetan mintzagai dugun maiatzaren 31ko auto berri eman arte, gai honi buruzko ikerketa geldirik zegoela adierazi du GuraSOSek, "GuraSOS taldea akusazio partikular gisa agertu zen arte. Horretarako, 1.500 €-ko fidantza jarri behar izan zuen, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak beheratu ondoren, kasua instruitzen duen Epaitegiak hasieran eskatutako 6000 euroko kopurua eskatu baitzion. 2021. urteko abenduan, GuraSOS elkarteak eginbide batzuk eskatu zituen, eta horiekin bat egin zuen kamioilariaren defentsak. Epaitegiak Fiskaltzaren iritzia eskatu zuen horren gainean, eta Fiskaltzak, martxoaren amaieran datatutako idazki baten bidez, berariaz bat egin zuen eginbide horietako batzuekin, eta ez zion aurka egin gainerakoari, eta ofiziozko batzuk ere proposatu zuen. Bere autoan, magistratuak erabaki du Guardia Zibilaren Sepronari bi ikerketa agintzea".
"Pribatizazioaren prekarizazioa"
Epaileak eskatutako ikerketa ontzat eman du GuraSOSek ohar bidez jakitera eman duenez. Baina elkarte honek galdegindako proba guztiak onartu ez direnez, egunotan apelazio-errekurtso bat aurkeztekoa da Probintzia Auzitegian. GuraSOSek "erantzukizunen eskakizuna zailtzeko asmoz", emakidadunak jarritako "pertsona juridikoen multzo konplexua" nabarmendu du. "Pribatizazioaren prekarizazioa da, jardueraren kontrola eragozten eta zailtzen duena eta, aldi berean, haren arriskua handitzen duena. Ikerketa hau horren froga garbia da".