San Juan gaua

Ekaitzak ez zuen San Juan su bizia itzali Zubietan

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 24a, 10:24

Ekaitzak zertxobait atzerarazi zuen hitzordua. Kosta zen hasieran, baina piztu zuten San Juan sua Zubietan.

Eguraldiak ia-ia zapuztu zituen San Juan gaueko ospakizunak inguruotan. Sua pizteko jarria zen hitzorduak garaiz hasterik ez zen izan, minutu batzuk lehenago lehertu zen ekaitzagatik. Tximista eta trumoi artean, euria gogotik egin zuen tarte batean eta San Juan gaueko sutzarrak pizteko eremuak blaitu zituen. 22:00etarako programatuak zeuden ekintzak ezin garaiz hasi beraz. Zertxobait atzeratu ziren. Atertu zuenean ere sua piztea ez zen lan erraza izan.

Pizten hasi eta itzali egiten zen, edota ez zuen berehala sugarrak duen ohiko indarra hartzen. Baina ahaleginak merezi izan zuen. Zubietako irudiak dituzue lerrootan. Sugarrak indarra hartu zuenean, bustitako eremua lehortu eta ingurua gogotik berotu zuen. Gaztetxoak ere dantza batean jarri zituen suak; gogotik bota zituzten, itxuraz ikasketetan baliaturiko apunteak.

Arratsalde pasa eder batetik zetozen zubietarrak, jolasean aritu eta elkarrekin afaltzetik. San Juan bezpera girotua ospatu dute aurten Zubietan, Zubieta Lantzenen eskutik.