Arkaitzerrekak bere gardentasuna galdu du berriz. Guztiz kutsatua, gorri kolorez eta aparrez josia esnatu zaigu asteazken honetan. Bazkalostean ateratako irudiotan ikus dezakezue, oraindik orain nabaria dela erraustegi ondotik igarotzen den errekak duen kutsadura. Ezinbestean, 2020ko maiatzean jazotakoa datorkigu gogora. Orduko hartan, erraustegitik isuritako amoniakoak ehunka arrain eta aingira hil zituen. Argitzeke da noski, gaurkoan zer gertatu den.
Aurreko hondamendia ikerketapean
Ikerketapean da auzia, duela hilabete ohar bidez GuraSOSek gogorarazi moduan. Azken albistea auzitegietatik heldu zen hain zuzen. 2020ko maiatzean Zubietako erraustegitik Arkaitzerrekara izandako isurketak eragindako hondamendiaren harira abian den ikerketa zabaltzea agindu ziola Guardia Zibilari Donostiako 5. Instrukzioko Epaitegiko magistratuak. "Beste inputazio batzuk egitea eta GuraSOS elkarteak eskatutako proba eginbide berriak egitea erabaki du, baita Ingurumen Fiskaltzak eskatutakoak ere". GuraSOSek zehaztu moduan, ""Hiru egozpen edo inputazio pertsonal berri gehitu dira, GuraSOS elkarteak eskatuak. Une honetan, ikertutako hamalau pertsona daude, eta beste lau enpresa ere bai GHK SAU publikoarekin egoera horretan bat egin dutenak". Irailaren 16an hastekoak dira deklaratzen hastekoak.
Aipatu elkartetik gogorarazi dutenez, "bere autoan, magistratuak erabaki du Guardia Zibilaren Sepronari bi ikerketa agintzea". Batetik, “hildako aingira baten ehunean agertutako kloroalkanoen (0,885 mg/kg) eta metalen maila handiaren jatorria edo emisio-iturria aurkitzeko”. Bestetik, “kutsatzaileak ez sakabanatzeko, isurketarik ez gertatzeko edo langileen eta ingurumenaren segurtasuna bermatzea helburu duten zer obra, segurtasun-sistema, funtzionamendu- eta segurtasun-proba, instalazio eta gainerako neurri zuzentzaile edo segurtasun- eta kontrol-neurri zehatzak, egin gabe, instalatu gabe edo behar bezala funtzionatzen dutela frogatu gabe zeuden gertakarien unean eta azkenean zein datetan ezarri diren zehaztea”.