Zubietako jaiak

Zubietako pilota jaialdiko sarreren lehen salmenta eguna gaurkoa

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 14a, 08:01

Uztailaren 27an binaka jokatuko diren bi pilota partidez osaturiko jaialdirako txartelak ostegun honetan eta datorren astelehenean, uztailaren 18an eskuratu ahalko dira.

Uztaileko azken astean ospakizun giro betean murgilduko dira Zubietan, eta zenbait ekitaldietarako lekua hartzen hasteko garaia da. Pilota jaialdia iragarri du Jai Batzordeak uztailaren 27an, arratsaldeko 18:00etan bertako frontoian. Bi neurketa jokatuko dira, biak ala biak binaka. Hasteko, Iker Aburuza eta Oier Aramburu, Andoni Olasagasti eta Aimar Iraolarekin lehiatuko dira. Segidan, binakako bigarren neurketa; Bengoetxea eta Ortiz de Urbinaren, eta Urmeneta-Odriozola bikotearen artekoa. 

Pilota jaialdirako sarrerak aurrez eskuratzeko aukera izango izango da. Zehazkiago esanda, bi egun finkatu ditu Jai Batzordeak txartelon salmentarako; uztailaren 14a eta 18a, 17:00-20:00 artean, frontoi ondoko egoitzan, Kaxkapen. Bi egunoz gain, jaialdi egunean bertan, hilaren 27an ere txartel batzuk eskuragarri izango direla ohartarazi du antolakuntzak. "Sarrera gutxi batzuk egunean bertan erosi ahal izango dira". 

Astebetez jai
Pilota jaialdi hau izango da, hiru urteren ostean bueltan datozen Zubietako jaien osagaietako bat. Baina ez bakarra noski. Ohi baino egunbete lehenago hasiko dira herri festak aurtengoan; uztailaren 23an hain zuzen, larunbatarekin. Amaitu berriz, ohi bezala, uztaila agurtuko dugun azken egunean, hilaren 31n. Bitarte horretan, haurrei zuzenduriko ekitaldiak, goizaldera arte luzatuko diren kontzertu gauak, txapelketak, otordu baten bueltan lagunartean biltzeko aukera anitz... Zubietan.