Zubietako erraustegi ondotik igarotzen den Arkaitzerrekak kutsatua egoten segitzen du ostegun honetan ere, atzo bezala. Gorritsu eta apartsu. "Zubietan gaur gertatzen ari dena oso larria da", salatu zuen asteazkenean Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak sare sozialen bidez. "Zenbait ordu igaro ostean, kutsadurak jarraitzen du ateratzen erraustegitik. Etenik gabe. Deskontrolatu zaie zerbait", gaineratu dute.
Egoera honen aurrean, agintarien isiltasuna salatu dute. "Zer arraio gertatzen ari da?" galdetzen du aipatu herri mugimenduak. Eskaera argia egin dute. "Eman herritarroi azalpenak". Biharamun honetan, momentuz ez dago azalpenik eta Arkaitzerrekak kutsatua egoten segitzen du.
Lagin bilketa
Jazotakoaren berri izanda, udaltzaingoa bertaratu da. URA Agentziako teknikariak ere bai, Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik berri eman dutenez, zubietar batek deitu ostean. Antza, azaldu dutenez, mugimenduak lagina bildu eta gertatutakoa ikertzeko borondatea agertu ostean, aipatu agentziako teknikariek ere lagina bildu dute. Argitzeke dago, zer gertatu den gaur Arkaitzerrekan. Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik diotenez ordea, "Arkaitzerrekan berriro ere agertu diren isurien aztarnak, 2009an Zabalgarbik izan zuen lisibiatuen isurketekin antzekotasun handia du. Orduan, Bilbo handira ur edangarria eramaten duen Ordunte kanaleraino iritsi ziren lisibiatuen kutsaduraren eraginak".
Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez baita, ur-laginak hartu ditu baita, laborategian aztertzeko. "Emaitzen zain gaude", berri eman du azken orduotan Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak.
Aurreko isurketa ikerketapean
Gogoan izan, ez da Arkaitzerrekan gertatzen den lehen isurketa. 2020ko maiatzean erraustegitik isuritako amoniakoak ehunka arrain eta aingira hil zituen. Ikerketapean da auzia. Duela hilabete GuraSOSek berri eman zuenez, urrats berri bat eman du, "erraustegiaren funtzionamenduan delitu ekologikorik egon ote daitekeen" ikertzen ari den Donostiako 5. Instrukzioko Epaitegiko magistratuak. Beste inputazio batzuk egitea eta GuraSOS elkarteak eskatutako proba eginbide berriak egitea erabaki du, baita Ingurumen Fiskaltzak eskatutakoak ere".
14 pertsona daude inputatuak. Besteak beste, Cesar Gimeno bide-ingeniaria, GuraSOSen esanetan, egungo GHK-ko eta Gipuzkoako PSE-eko lehendakari eta Foru Aldundiko ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensioren "eskuin-eskua" eta biak Iñaki Arriola garraio sailburu zela "konfiantzako talde kideak" 2009-13 legealdian; Asensio Eusko Trenbideak-eko zuzendari nagusi eta Gimeno lehendakariorde exekutibo izendatu baitzituen Arriolak. Horrez gain,
"Ekondakin enpresa kontzesioduna Donostiako Epaitegiak egotzitako beste entitateetako bat da". Ikertu berri hauek guztiak deklaratzen hasteko hitzordua jarria dagoela berri eman du GuraSOSek; irailaren 16an, goizeko 9:30etan. Kasu honen instrukzioa uztailerako amaitzea aurreikusia bazen ere, "beste sei hilabetez luzatzea espero da".
Bi ikerketa abiaraztea agindua du epaileak. Batetik, “hildako aingira baten ehunean agertutako kloroalkanoen (0,885 mg/kg) eta metalen maila handiaren jatorria edo emisio-iturria aurkitzeko”. Bestetik, “kutsatzaileak ez sakabanatzeko, isurketarik ez gertatzeko edo langileen eta ingurumenaren segurtasuna bermatzea helburu duten zer obra, segurtasun-sistema, funtzionamendu- eta segurtasun-proba, instalazio eta gainerako neurri zuzentzaile edo segurtasun- eta kontrol-neurri zehatzak, egin gabe, instalatu gabe edo behar bezala funtzionatzen dutela frogatu gabe zeuden gertakarien unean eta azkenean zein datetan ezarri diren zehaztea”.