24 ordu baino gehiago igaro dira, eta ez azalpenik, ezta aldaketarik ere. Zubietako erraustegi ondotik igarotzen den Arkaitzerrekak kutsatua segitzen du bigarren egunez, ostegun honetan. Begiak itxita, ur soinu ederraz gozatzeko aukera duzue. Begiak ireki orduko aldiz, agerikoa da hondamendia. Lehen metroetan, ur arrastorik ez, apar txuri nazkagarria baino ez da ikusten. Segidan, ura bai, baina gardentasunik ez. Ikusi irudiotan zeraman itxura. Kolorea, eta aparra menditik behera Oriarantz.
Zer gertatu den argitzeke da oraindik. 24 ordu igarota, azalpenik ez, eta atzo bezala, kutsatua segitzen du lehendik ere erasotua izan den Arkaitzerrekak. 2020ko maiatzean, erraustegitik isuritako amoniakoak ehunka arrain eta aingira hil zituen. Eta ur askorik ez daraman arren, NOAUA!ren sare sozialetako erabiltzaile batek ezin egokiago gogorarazi duen moduan, "arrainik ez da azaldu hilda, aurreko isurian hil zituztelako eta ez dutelako erreka berriro birpopulatu!".