Zubietako erraustegia

Usurbilgo EHBildu: "Erraustegitik datorrela bistakoa da"

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 15a, 17:19

Arkaitzerrekako hondamendiaren inguruko adierazpena plazaratu berri du Usurbilgo EHBilduk. 

Asteazkenean gertatutako kutsatzearen aurrean argi dio; "erraustegitik datorrela bistakoa da, eta zoritxarrez, oraingoan ere gai toxiko zikinez salbuetsia izango ez delakoan gaude". Jazotakoaren "arrazoiak, ondorioak eta arduradunak lehenbailehen ikertzea eta erantzukizunak zehaztu bai argitzea exijitzen" diete, "Jose Ignacio Asesiori ingurumen diputatuari, GHKri, Ura Agentziari eta dagokien beste erakundeei. Eta, jakina, guztia argiki publiko egitea ere bai".

Erraustegiaren atzean "EAJ-PNV eta PSE-EEren eredua dago: Dirua guztiaren gainetik", dio Usurbilgo EHBilduren adierazpenak. Erraustegiaren aurkako "jarrera irmoa" agertu du beste behin eta gogorarazi duenez, "hitzez, borondatez eta ekintzez; Usurbilek bere bidea egiten dihardu", "Usurbil 0.0" egitasmoaren bidez. 

Segidan, Usurbilgo EHBilduk argitara emandako adierazpena osorik:


USURBILGO EHBILDUREN ADIERAZPENA
Beste isurketa bat Arkaitzerrekan
2020ko maiatzean izan zen isurketan, ehunka arrain eta aingira akabatu zituen erraustegiak eragindako desastre ekologiko hark. Uztailaren 13an arratsaldez beste isurketa bat izan da Zubietako Arkaitzerrekan, eta oraindik isurtzen jarraitzen du. Erraustegitik datorrela bistakoa da, eta zoritxarrez, oraingoan ere gai toxiko zikinez salbuetsia izango ez delakoan gaude.

Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortziotik (GHK) “Ingurumen Zentroa” deitzen dioten horrek, gure ingurumena kutsatzen du gai toxikoak kontrolik gabe urez, lurrez eta airez botaz. Beste behin, Arkaitzerreka eta bertako ingurunea kutsatu dituzte.  Berriz ere, enpresa kudeatzaileari botako diote errua edota arazo teknikoei, benetako neurririk hartu gabe. Bitartean gaur ostirala, isurketak eta hondakin kimikoen pilaketak bere horretan dirau honekin amaitze neurririk hartu gabe.

Erraustegiaren atzean ordea EAJ-PNV eta PSE-EEren eredua dago: Dirua guztiaren gainetik. Trikimailu legal guztiak erabiliz, arautegiak beren konbenientziara moldatuz, mafia instituzionala bezala funtzionatzen dute ase ezinak diren enpresa jakin batzuen mesederako. Eta azpiegitura mardula montatu dute eredu hau egonkortzeko. Badirudi, Zaldibarrreko tragediatik ez dugula ezer ikasi. Hondakinak ez dira desagertzen erraustuz gero! 

Azken finean, negozio borobila da erraustegia, ekonomia berde, jasangarri eta zirkular baten zurikeria salduz Zubietako lurrak eta inguruko ur eta airea kutsatzea merke ateratzen zaie alajaina. Edonolako aire isurketak doakoak dira eta erreka batean sortutako desastre ekologikoa eragitea 10.000 €-ko isun bat besterik ez (Arau hauste arin bat GHKren arabera).

Isurketaren arrazoiak,  ondorioak eta arduradurak lehenbailehen ikertzea eta erantzukizunak zehaztu bai argitzea exijitzen diegu Jose Ignacio Asesiori ingurumen diputatuari, GHKri, Ura Agentziari eta dagokien beste erakundeei. Eta, jakina, guztia argiki publiko egitea ere bai.

Usurbilgo herriak hainbatetan garbi utzi du errauste plantarekin, atzean duen eredu kutsakor eta jasangaitzaren aurka dagoela. Zubietarren eta usurbildarren nahiaren gainetik inposatutako munstroa da. Munstro honek dakartzan ingurumeneko ondorioak nabariak diren honetan, Usurbilgo EHBildutik erraustegiaren aurkako jarrera irmoa adierazi nahi dugu. Eta halaxe agertzen dugu ordezkaritza dugun foro guztietan: “Errausketarik ez, ez hemen eta ez inon!”. Errausketa ez baita hondakinak kudeatzeko modu jasangarria inolaz ere.

Hitzez, borondatez eta ekintzez; Usurbilek bere bidea egiten dihardu. Duela hamarkada bat baino gehiago ekin genion Usurbil 0.0 bideari murrizketa, berrerabilera eta birziklapena ardatz izanik. Alternatiba tokitik eta gure baliabideen baitan eraikitzen eta erraustegia zein honen arduradun politikoak salatzen jarraituko dugu. Herri honek eredu jasangarri bat eta natura errespetatzen duena merezi eta nahi duelako.

Erraustegirik ez, ez hemen eta ez inon!

Usurbilgo Euskal Herria Bildu