Zubietako erraustegia

Zubietako plazatik Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari: "Zer ari da gertatzen Zubietako erraustegian?"

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 16a, 15:47

Arkaitzerrekako kutsadura salatu eta oraindik jaso ez dituzten argibideak eskatzeko, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deitutako elkarretaratzean batu dira larunbat eguerdian, Zubietako plazan. Lerrootan, deitzaileek plazaratu duten adierazpenaren berri.

"Asteazkenetik dator zikindu eta kutsatuta Arkaitzerreka, Zubietako Erraustegiaren azpitik pasarazten dutena…eta asteazkenetik gaude herritarrok erantzun garbien zain". Horregatik, galdera zuzena luzatu diote Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanori; "Zer ari da gertatzen Zubietako erraustegian?".

Ez da halakorik gertatzen den lehen aldia. "Irregulartasunak, lege-hausteak, istripuak eta kutsaketak behin eta berriro ari dira gertatzen. Arkaitzerreka ere ez da lehen aldia kutsatzen dutena. Eta beti herritarrak izan dira gertakizunen albistea eman dutenak, beti".

Salatu dutenez, "ez duzue deskantsurik izan Zubietako Erraustegi Munstroa martxan jarri arte", baina "orain non zaudete Zubietako Erraustegia nola ari den egunero kontrolatzeko? Ez al diguzue informazio argi eta garbia zor Gipuzkoa osoko herritarroi eta batik bat Erraustegiaren arriskuak etxe ondoan dauzkaten hemengo herritarrei?".

Hemen, gaurko elkarretaratzean plazaratu duten adierazpena:

ERRAUSTEGIAREN AURKAKO MUGIMENDUAREN ADIERAZPENA
Hemen bildu gara Zubietako eta inguruko herrietako herritarrak, gure eta ondorengoen osasunaz eta etorkizunaz kezkatuta gauden pertsonak… Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari dei egiteko:

MARKEL OLANO, GIPUZKOAKO AHALDUN NAGUSIA:
ZER ARI DA GERTATZEN ZUBIETAKO ERRAUSTEGIAN?

Asteazkenetik dator zikindu eta kutsatuta Arkaitzerreka, Zubietako Erraustegiaren azpitik pasarazten dutena…eta asteazkenetik gaude herritarrok erantzun garbien zain.

Aste honetako gertakizun hau ez da Erraustegiak egin duen lehenbiziko kaltea… eta beldur gara ez dela izango azkena.

Irregulartasunak, lege-hausteak, istripuak eta kutsaketak behin eta berriro ari dira gertatzen. Arkaitzerreka ere ez da lehen aldia kutsatzen dutena. Eta beti herritarrak izan dira gertakizunen albistea eman dutenak, beti.

Gipuzkoa gainezka dago Erraustegia kontrolatu dezaketen eta kontrolatzeko obligazioa duten funtzionario, agintari eta profesionalez. Baditugu kolore guztietako poliziak, Ingurumena zaintzeko agentzia publikoak, ahoa “gobernantzaz” eta “gardentasunez” betetzen duten enpresa publiko eta pribatuak, herritarrei egia kontatzen omen diotela harro esaten duten agintari eta politikoak… Baina arriskuz betetako Erraustegi bat kontrolatzeko orduan, inor ez dago: inor ez dago begira, inor ez zerbait gertatutakoan alerta jotzeko, inor ez susmagarriak kontrolatzen…

Markel Olano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia: non zaude? Zeri begira bizi zara?

Markel Olano jauna… ez duzue deskantsurik izan Zubietako Erraustegi Munstroa martxan jarri arte. Herritarrok behin eta berriro ezetz esan arren; udal askok demostratu arren hondakinak kudeatzeko modu merkeago, osasuntsuago eta efikazagoak badaudela; herri mugimenduak mobilizatu arren… lortu duzue nahi zenutena: herritarrak zorpean sartu, multinazionalak eta bertako enpresa lotsagabe batzuk aberastu, herritarrak publizitate kanpainaz engainatu… eta hondakinak alferrik galdu eta erretzen dituen munstro garestia martxan jarri. 

Baina orain… Markel Olano Jauna… Gipuzkoan agintzen duzuen PNVko eta PSEko buruzagi profesionalak… orain non zaudete Zubietako Erraustegia nola ari den egunero kontrolatzeko? Ez al diguzue informazio argi eta garbia zor Gipuzkoa osoko herritarroi eta batik bat Erraustegiaren arriskuak etxe ondoan dauzkaten hemengo herritarrei?

MARKEL OLANO, GIPUZKOAKO AHALDUN NAGUSIA:
ZER ARI DA GERTATZEN ZUBIETAKO ERRAUSTEGIAN?