2022-23 ikasturtea

Lanbide Heziketa osoan matrikulatzeko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 19a, 08:52

Udaberrian aurrematrikulatu zirenek, 2022-23 ikasturterako matrikulazioa bideratzeko azken eguna da gaurkoa, Zubietako Lanbide Eskolan nahiz Atalluko Oinarrizko Lanbide Heziketan.

Usurbilgo Lanbide Eskola
Bost "familia profesionalei" lotutako erdi eta goi mailako zikloak eskaintzen dituzte, euskaraz nahiz gazteleraz: Instalazioa eta Mantenua, Energia eta Ura, Administrazioa, Elektrizitatea eta Elektronika eta Mekanika. "Goi mailako zikloetan ingelesez ere egin daiteke heziketaren parte bat", ikastetxetik argitu dutenez. Horrez gain, "ikastaro eskaintza zabala du bai langileentzat, bai langabezian dauden pertsonentzat".

Lanbide Eskolatik unibertsitatera jauzi egin nahi duena trebatzeko STEAM Prestakuntza Osagarria eskainiko du Usurbilgo Lanbide Eskolak. Zubietan kokaturiko ikastetxetik berri eman dutenez, "ikasle hauei etorkizunean unibertsitatera joan ahal izateko beraien prestakuntza osatzeko aukera eman nahi die. Helburua, ikasleen artean STEAM gaitasunak (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika) indartzea da, etorkizuneko unibertsitate-prestakuntzara egokitzeko, ondoren lan mundura igaro ahal izateko".

2022-23 ikasturterako matrikulazio epea zabalik izango du uztailaren 19ra arte.

Informazio gehiago:
Idazkaritzako ordutegia: 8:00-14:00 (8:00-18:00, matrikulazio egunetan)
943 364 600
lhusurbil.eus
adkomunikazioa@lhusurbil.eus

Oinarrizko Lanbide Heziketa
Bi espezialitateetan, ile-apainketa eta estetika eta sukaldaritza eta jatetxea arloetan trebatzeko aukera dago. Bi ikasturtez osatua dago hezkuntza eskaintza, 2.000 orduko ikasketa prozesua guztira (990 ordu lehen ikasturtean, 1.010 ordu bigarrenean). 15-17 urte arteko gazteak matrikulatu daitezke Oinarrizko Lanbide Heziketan, “salbuespenez, DBH2 egina dutenak”. Zubi aproposa, lan munduratu nahi izan edota gerora erdi mailako ikasketetan murgildu nahi dutenentzat. Atalluko ikastetxeko lan metodologia zerbait esatekotan, “oso praktikoa” dela nabarmendu behar da. “Tailerrean praktika eginez lanbidea ikasten da (egunean lau ordu). Beharrezkoa den teoria soilik lantzen da eta lanbidearekin zer ikusi zuzena duten edukiak irakasten saiatzen gara (egunean bi ordu)”. Lehen ikasturtean esaterako, oinarrizko heziketarekin batera, lanbide modulu praktikoak eskaintzen dituzte, baita tutoretza eta orientabide zerbitzua ere. Bigarrenean, baita formazio eta lan orientabidea eta 260 orduko iraupena duten praktikak enpresetan. Bi urteko ikasketak amaituta, Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua, DBH graduatua, edozein ziklo eta espezialitateko erdi mailako ikasketarako sarbide zuzena edota lan munduratzea eskuratzen da. “1 profesionaltasun ziurtagiria”.

Tarte ezin garrantzitsuagoa du Oinarrizko Lanbide Heziketak egungo hezkuntza eskaintza zabalean. Atalluko ikastetxearen txikitasunak talde txikietan lan egitea ahalbidetzen die. “Ikasleen atentzio indibidualizatua ziurtatuta dago”. Ikasle bakoitzak jorratu nahi duen bidea lantzen laguntzen dute; “ikasle bakoitzari helburu pertsonalak jarri, jarraipena egin eta ebaluatzen zaie”. Ikaslea, hezkuntza prozesuko protagonista Oinarrizko Lanbide Heziketan ikasten ari den “gaztea erdigunean jartzen dugu eta ahalduntzen saiatzen gara”. Enfoke sistemikotik jarduten dute, familiarekin hartueman estuan. “Ikaslea hezkuntza prozesuaren protagonista da. Gaztearengan sinesten dugu eta gazte bakoitzaren ahalbide eta gaitasun positiboak lantzen ditugu”, OLH-tik azaldu dutenez.

Informazio gehiagorako:
943 360 465
olh.usurbil.eus
Atallu. Zanpiura, 3