ZUBIETAKO JAIAK

Zubietako Jai Batzordea: “Eragile ezberdinei esker, lana arindu egin zaigu aurten”

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 22a, 11:58

Zubietako jaiak ate-joka ditugu, eta aurten ere, Zubietako Jai Batzordeak egitarau oparoa plazaratu du. Santio jaiak normaltasunez ospatuko dituzte, pandemia aurreko garaian bezala. Horra Jai Batzordeko kideek NOAUA!rekin partekatu dituzten xehetasunak.

NOAUA! Pandemiaren ondoren, normaltasunez ospatuko diren lehen Santio jaiak izango dira aurtengoak, ezta?

Zubietako Jai Batzordea: Antolakuntza pandemia aurreko garaietakoa bezalakoa izan da aurten. Zalantza hori bagenuen, ea ohiko moduan ospatzeko aukera izango zen edo ez, baina bazuen itxura aurtengoa ohiko modukoa izango zela eta horri heldu genion. Antzeman dugu emanaldi eta kontzertuak antolatzerako orduan gauzak asko aldatu direla. Kontzertuak ixterakoan, ezezkoak jaso ditugu talde askok uda kontzertuz gainezka dutelako. Egoera hau ez zaigu tokatu sekula orain arte; ez pandemia aurretik, ez eta pandemia garaian ere.

 

ZUBIETAKO JAI BATZORDEA

"Normaltasunez hasi ginen jaiak antolatzen hasiera-hasieratik oso gogotsu eta esperantzaz beteta geundelako"

 

Jaiak normaltasunez antolatu dituzue hasieratik edo bi plan batera prestatu dituzue badaez–pada ere?

Normaltasunez hasi ginen jaiak antolatzen hasiera-hasieratik oso gogotsu eta esperantzaz beteta geundelako. Azken bi urteetan ere oso baikor ekin genion antolaketari, nahiz eta gero errealitateak bortizki jo gintuen. Hala ere, gu ohiko baikortasunarekin aritu gara eta aurten, lortu dugu gure baikortasunak eta errealitateak bat egitea.

 

NOAUA! Urte aldrebes hauen ondoren, Zubietako Jai Batzordea indartu egin da ala geroz eta jende gutxiago al dago lanerako?

Zubietako Jai Batzordea: Salto handi bat nabaritu dugu 2019ko jai haietatik. Urte hartan, Zubietako Jai Batzordea oso gaztea zen eta gehienek ez zituzten antolaketa aspektu guztiak eta funtzionamendu orokorra behar bezala ikusi. Hiru urteren ondoren, esperientzia falta handia dute, ezin izan baitute zaharrenok dugun urteetako eskarmentu hori jaso.

Urte asko daramatzagun gutxi gaude eta gazteek bultzada beharra daukate ondoren eurek bakarrik bidea egiten jarraitu ahal izateko.

 

 

“Santio jaiak zubietarren elkargune dira”

Herriko eragile askorekin aritzen zarete lanean jaiak antolatzeko: Yoko Garbi elkartea, Zubietako pilota elkartea, guraso taldea, herriko hainbat jatetxe… Horrenbeste talderekin erraz egiten al zaizue bateratze-lana?

Oso eskertuta gaude aurten eragile pila batek partu dutelako jaien antolaketan. Nahiko beldurtuta geunden hasieran, Jai Batzordean ez gaude horrenbeste eta dena behar bezala antolatzeko gai izango ginen ez genekien. Eragileei esker, lan eskerga arindu egin zaigu eta gu euren arteko zubi lana egiten aritu gara. Guk gauetako kontzertuak antolatu ditugu, batez ere, eta haiek eguneko ekitaldiak osatu dituzte.

 

ZUBIETAKO JAI BATZORDEA

"Eragile ezberdinei esker, lan eskerga arindu egin zaigu eta gu zubi lana egiten aritu gara”

 

Herri giroan, herritarrek eta herritarrentzat antolatzen dituzue jaiak, edo orain arte zuen ardatzetako bat hori izan da behintzat. Aurtengoan ere jaiak horren herrikoiak izango al dira?

Zubietan urtean zehar oso ekitaldi konkretuak baino ez dira antolatzen eta herriarentzat denak elkartu eta jai giroa sortzeko Santioak dira elkargune. Herritarrek disfrutatzeko jaiak antolatzen saiatzen gara, betiere jakinda denen gustukoak egitea oso zaila dela. Inguruko herrietatik eta urrunagotik ere jendea urtero etortzen da eta espero dugu ohitura on horiek ez direla galduko eta aurten ere jende asko hurbilduko dela Zubietara.

 

Aurtengo festetan ez duzue herri antzerkirik aurreikusi, baina garai batean urtero egiten zen.

Pandemia aurreko azken urteetan ere ez zen egin. Bost edo sei bat urtez jarraian egin zuten proiektu moduko bat izan zen, halako jarraikortasun batekin. Amaitu egin zen hura eta ez zitzaion jarraipenik eman. Aurten ere ez da horrelako ideiarik sortu.

 

Gurdiertz Rock II daukazue berritasunen artean lehen gauerako aurreikusita. Zertan datza?

Gazteenei bururatu zaien ideia bat izan da. Lasarte-Oria aldean rock taldeak dituzten gaztetxo asko daude eta bost bat kanta joko dituzte 4-5 taldek. Gazteei aukera emateko modu bat da eta izen horrekin erakargarri ere egin liteke ideia.

 

 

“Jendea parrandarako gogoz sumatzen dugu”

Joan zen urtean festak egin zenituzten, nahiz eta bestelakoak izan. Nolako balorazioa egiten duzue?

Nahiko irakurketa positiboa egin dugu. Uste dugu antolatu genituen ekitaldiak oso ondo atera zitzaizkigula eta ez genuen Covidarekin kutsatutakorik izan ekitaldien ondorioz, edo ez genuen halako berririk izan, behintzat. Neurriak betetzea ez zitzaigun erraza egin, bi udaletxeen baitan egiten dugulako lan eta bakoitzak neurri batzuk betearazi zizkigun.

Beraz, ekitaldi batzuetan edukiera neurri batzuk geneuzkan, beste batzuetan beste batzuk eta dena moldatzea ez zitzaigun erraza egin. Azkenean, emaitzak onak izan ziren eta pozik gaude emaitzarekin.

 

Aurtengo jaietarako urteroko jende andana espero duzue edota jende gutxiago hurbiltzea aurreikusten duzue?

Orokorrean jendea parrandarako gogoz sumatzen dugu, baina antzeman dugu jendeak baduela gogoa orain arte probatu ez dituen jaietara hurbiltzeko ere. Zentzu horretan, ez dakigu zer espero.

2019ko jaietan guk espero baino jende gehiago animatu zen eta aurtengoan ere hala izatea nahiko genuke. Beraz, uste dugu jai onak antolatu ditugula eta anima zaitezte!