Espero zitekeena berretsi ahal izan du Usurbilgo Udalak. Uztailaren 14an Zubietako erraustegi azpitik igarotzen den Arkaitzerreka apartsu eta gorritsu esnatu zen. Azken kutsadura gertakarion harira, Usurbilgo Udalak laginak hartu zituen laborategian aztertzeko. Behin-behineko emaitzak jaso dituela berri eman du ostiral arratsalde honetan. "Lau elementuetan, gutxienez, ezohiko mailak jaso dira". Zehaztasunetan sartuta, "ezohiko maila oso altuak jaso dira kloruroetan, amonioan, konduktibitatean eta DQOn (Oxigenoaren Eskaera Kimikoa). Zenbait konposaturen emaitzak jasotzea falta da oraindik, baina hiru elementu horien datuak nabarmentzeko modukoak dira".
Are gehiago, duela bi urteko, 2020ko maiatzeko isurketa gertatu zenean Udalak hartutako laginen emaitzekin alderatzen baditugu. "Orduko hartan, amonio kontzentrazio oso altua topatu zen (62 miligramo/litroko), eta lehengo asteko laginak ia bikoiztu egin du kopuru hori (117 miligramo/litroko)".
"Azalpenak nahi ditugu"
Bildutako emaitzak besteak beste, "GHK eta Ura agentziari, baita Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen Sailari ere" helaraztekoa da Usurbilgo Udala. Datuok eskutan, azalpenak eskatu ditu Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak. “Azalpenak nahi ditugu: isurketa zerk eragin duen jakin nahi dugu. Zer gertatu den jakin behar dugu konponbideak bilatu ahal izateko. Zein ondorio izan ditzakete halako isurketek gure osasunean eta ingurumenean? Zein neurri hartuko dituzte arduradunek berriro halakorik ez gertatzeko? Herritarron informatuta egoteko eskubidea aldarrikatzen dugu”.
Isuriaren jatorriaz, “hipotesi hau hala den edo ez baieztatu edo gezurtatzea beste batzuei dagokie: GHK-k eta diputazioak azalpenak eman behar dituzte. Izan ere, inguruan ez dago beste jarduera industrialik halako kutsatzaile maila eragin dezakeenik. Datuak oso kezkagarriak dira: 2020ko maiatzeko isurketak ehunka arrain hil zituen, eta ordukoekin alderatuz, oraingo datuak handiagoak dira”.
2020ko MAIATZEKO LAGINEN EMAITZAK