Zubietako jaiak

Piztu dute, 9 egunez jai giroa bizirik mantenduko duen suziria

Noaua Aldizkaria 2022ko uzt. 23a, 20:37

Zubieta jai giro betean da jada, larunbat arratsalde honetan jaurti dute uztailaren 31era arte herri festetan murgilduko duen txupinazoa.

Alamandegizarreko Imanol Zalduak eta Arantxa Iturriozek izan dute hiru urteren ostean Zubieta festa giroan murgiltzeko ohorea. "Zorionak zubietarrei eta etorri zareten guztiei. Milesker etorri zaretelako eta oso ondo pasa festak!", opa izan die Zalduak. "Denei desio dizuet festak zoriontsu-zoriontsu eta bake-bakean pasatzeko, gora Zubieta!", adierazi du Iturriozek.

Jon Arroyo alkateak ere ongi etorria eman die bertaratu diren herrikide nahiz bisitariei. Handik gutxira zabaldu dute txosnagunea, Elenek girotua. Eta sardin eta piper dastatze ederraz gozatzeko aukera izan da.

Festa giro betean izango da Zubieta uztailaren 31ra arte.



ZUBIETAKO HERRI JAIEN HASIERA
Uztailak 23, larunbata
18:00 Jaien hasiera: txupinazoa eta buruhandiak. 
Jarraian, txosnen irekiera Elenek eta Uxuek girotuta.
19:00 Sardin jatea.
23:00 
Kontzertuak: Skakeo, Perlata eta Fan&Go.
Ondoren, Gurdiertz Rock II.

Uztailak 24, igandea: Jubilatuen Eguna
14:00 Jubilatuen bazkaria, Yoko Garbi elkartean.
17:30 Ttipika taldearekin dantzaldia.
Segidan, buruhandiak.
19:30 Bingoa txosnan.
Ondoren, Txalagore taldearen emanaldia.
21:00 Herri afaria, Zubietako Pilota Elkartearen eskutik. 
Ondoren, Laiotz taldearekin dantzaldia.

Uztailak 25, astelehena: Santio Eguna
09:00 Esnadeia, Donostiako Txistulari Bandaren eskutik. 
10:00 Meza Nagusia.
Ondoren, hamaiketakoa eta soka-dantza.
17:30 Lopene ganadutegiko zezen txiki eta poniak.
19:30  Bertsolariak:
Andoni Egaña, Aitor Sarriegi, Miren Artetxe eta Iñigo Mantzisidor "Mantxi".
Gai-jartzailea: Zortzitan Bertso Eskola. 

Uztailak 26, asteartea: Oilasko Biltzaileen Eguna
06:00 Oilasko biltzaileen irteera, Ane eta Alazne trikitilariekin alaituta.
14:30 Oilasko biltzaileen iritsiera.

Uztailak 27, asteazkena
18:00 Pelota jaialdia.

Uztailak 29, ostirala: Umeen Eguna
10:00 Jolasen hasiera.
12:30 Marrazketa saioa.
14:00 Umeen bazkaria: bakoitzak berea ekar dezala, eta gure kontu postrea eta sorpresa.
16:00 Jolasen jarraipena.
Ondoren, txokolatada eta buruhandiak.
Bukatzeko, diskofesta.

Uztailak 30, larunbata: Gaupasa Eguna
12:00 Sagardo dastaketa eta pintxoak, Errebote Plazan.
Jarraian, puntu txapelketa.
16:30 Mus txapelketa (16:00tan izen ematea).
18:00 Herriko gaztetxoen Joko Garbi erakustaldia, Errebote Plazan.
00:00 Kontzertuak: Skasti, Gozategi, DJ Nemux.

Uztailak 31, igandea: San Inazio Eguna
10:00 Meza.
11:30 Zubietarren arteko errebote partida. 
14:00 Zikiro jatea.
18:30 
Herri kirolak: PENTATLOIA.
-Aratz Mugerza.
-Xabier Zaldua.
23:00 Herriko jaien amaiera traka eta suziriekin.

 

Antolatzailea: Zubietako Jai Batzordea.