Oriako hiru presa txiki eraitsi nahi dituzte

Noaua Aldizkaria 2022ko abu. 31a, 13:26

Iturrate irlaren bueltakoak hain zuzen. Lanok bideratu ahal izateko baimen eskaera plazaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Uraren Euskal Agentziak abuztuaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaraturiko iragarkian irakurri ahal izan dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko baimen eskaera bati buruzko argibideak eskaintzen ditu. Honakoa egiteko: "Usurbil eta Lasarte-Oriako udalerrietan (Gipuzkoa), Michelin 1, Michelin 2 eta Asteasuainzarra presa txikien eraisketa proiektuko lanak".

Presa hauek Txikierdi pareko Iturrate irlaren albo banatan kokatuak daudela ohartarazten du iragarkiak. Egin beharrekoak "Michelin 1, Michelin 2 eta Asteasuainzarra presa txikiak bota eta ateratzeko lanak dira".

Baimen eskaera honi buruzko argibideak 23 egun balioduneko epean ikusgai izango dira, abuztuaren 17tik zenbatzen hasita. "Horrela, obra horiek kalteak eragiten dizkietela irizten dutenek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte, epe horren barruan, hemen: Uraren Euskal Agentzia - Ekialdeko Kantauriar Arroen Bulegoa. Era berean, bulego horretan bertan egongo da espedientea, nahi duenak aztertu ahal izan dezan".

Uraren Euskal Agentziako Ekialdeko Kantauriar Arroen Bulegoaren iragarkia osorik hemen: abuztuaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala (GAO).