59. Enrique Abril errebote txapelketako lehen neurketa igandean

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 2a, 09:59

Errebote txapelketako lehen jardunaldiko neurketetako bat Zubietan jokatuko da irailaren 4an. Zubietarrak Kapito Harri taldekoekin lehiatuko dira.

Hastera doa, 2022-23 denboraldiko lehiaketa ofizialak abiaraziko dituen 59. Enrike Abril Errebote Txapelketa. Lehen jardunaldia asteburu honetan bertan jokatuko da, aurreko edizioko baino partaide gehiagorekin. Nabarmentzekoa baita 9 direla aurtengoan izena eman duten taldeak; Zubietak eta Oiartzungo Txost taldeek Gipuzkoatik. Haiekin, Baigorriko (Nafarroa Beherea) Zaharrer Segik eta Lapurdiko sei taldeok: Luzean (Donibane Lohitzune), Senpere (Senpere), Endaiarrak (Hendaia), Kapito Harri (Uztaritze), Noizbait (Hazparne) eta Kanboarrak (Kanbo) taldeek. 

9 lehiakide beraz, hiru multzotan banatuta jokatuko dituzte partidak. Multzo bakoitzaren baitan hiru jardunaldi ospatuko dira, eta talde bakoitzak bi neurketetan hurrengo faserako sailkatzen ahalegintzeko aukera izango du. Multzo bakoitzeko jardunaldiak Gipuzkoako plaza zehatz batean jokatuko dira; A multzokoak Villabonan, B multzokoak Zubietan eta C multzokoak Oiartzunen. Igande honetan, irailaren 4an hasi eta hilaren 25era arte. 

Asteotan eskuratutako emaitzen arabera, "multzo bakoitzean lehen postuan sailkatutako taldeek eta bigarren sailkaturiko onenak jokatuko dituzte finalerdiak". Urriaren 2ko asteburuan. Eta astebete beranduago, urriaren 9an, final handia Zubietan, eguraldiak oztopatzen ez badu behintzat.


59. ENRIQUE ABRIL ERREBOTE TXAPELKETA
1. FASEA
Irailak 4, igandea
10:30 A multzoa: Luzean-Spuc Villabonan.
10:30 B multzoa: Zubieta-Kapito Harri Zubietan.
10:30 C multzoa: Noizbait-Kanboarrak Oiartzunen.

Irailak 11, igandea
10:30 B multzoa: Endaiarrak-Kapito Harri Zubietan.

Irailak 18, igandea
09:00 C multzoa: Txost-Kanboarrak Oiartzunen.
10:30 B multzoa: Zubieta-Endaiarrak Zubietan.
11:00 A multzoa: Luzean-Zaharrer Segi Oiartzunen.

Irailak 25, igandea
10:30 A multzoa: Spuc-Zaharrer Segi Villabonan.
10:30 C multzoa: Txost-Noizbait Oiartzunen.

AMAIERA FASEA
Finalerdiak: urriaren 2ko asteburuan. 
Finala: urriak 9, igandea Zubietan.

Informazio gehiagorako: gipuzkoapilota.eus
Antolatzailea: Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa.