Kontxako Banderaren bigarren eta azken jardunaldi eguna, mobilizazioarena ere izango da aurten ere, azken hamarkada luzean bezala. Erraustegiak geratzea exijituko du azpiegituron aurkako herri mugimenduak irailaren 11rako iragarri duen giza katearen bidez. Goizeko 11:00etan abiatuko da Donostiako Alderdi Ederretik Kontxako hondartzarantz, eta estropaden garaian plazaratuko dute haien aldarria; erraustegiak geratzea pluralean. Zubietakoaz gain, Bergaran eraiki nahi baitute eta hura ere geratzea eskatuko dute, "Erraustegia ez Bergaran, ez Donostian" aldarripean.
"Ezohiko maila oso altuak"
Gogoan izan, uda honetan erraustegi ondotik igarotzen den Arkaitzerreka hizpide izan dugu. Egun batetik bestera, uztaila erdialdean apartsu eta gorritsu esnatu zen erreka. Abuztuan ere gorritsu ikusi ahal izan da eta aparrarekin baita, uztailean baino gutxiago egon arren.
Gogoan izan, Usurbilgo Udalak laginak bildu zituela uztaileko kutsadura gertaera egunotan eta hilaren 22an jaso zituen emaitzak. "Ezohiko maila oso altuak jaso dira kloruroetan, amonioan, konduktibitatean eta DQOn (Oxigenoaren Eskaera Kimikoa)". Eta hori gutxi balitz, 2020ko maiatzeko isurketan topatutako amonio kopuruaren ia bikoitza. "Orduko hartan, amonio kontzentrazio oso altua topatu zen (62 miligramo/litroko), eta lehengo asteko laginak ia bikoiztu egin du kopuru hori (117 miligramo/litroko)". GHK-ri, Ura Agentziari eta Foru Aldundiari helaraztekoa zituen emaitzak, azalpenak eskatzearekin batera. Gertatu zena, haren ondorioak eta berriz halakorik ez errepikatzeko hartu beharreko neurriei buruzko argibideak galdegin zituen Udalak.
Fiskaltza ikertzen
GuraSOSek fiskaltzan salatu zuen Arkaitzerrekan jazotakoa eta Gipuzkoako Ingurumen Probintzia Auzitegiko fiskalburuak ikerketa jarri zuen martxan, "kutsaduraren jatorria, kausa eta norainokoa zehazteko". Fiskalburuak Ingurumeneko Fiskalaren esku utzi zuen ikerketa GuraSOSek uztaila amaieran berri eman zuenez, eta uztailaren 19an SEPRONAk, Guardia Zibilaren ikerketa taldeak, egiten ari diren hainbat eginbide agindu zituen. GuraSOSek aditzera eman zuenez, egun haietan Guardia Zibilaren bi ibilgailu ikusi zituzten Arkaitzerreka inguruan "eta gaur laginak hartzen ari dira. Beraz, hemendik aurrera, Guardia Zibilaren eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Fiskaltzaren esku dago gertatutakoa ikertzea".