Musika talde ezagunen oholtza bi egunez, Zubietako hipodromoa

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 8a, 10:21

Azken urteon ildotik, Donostia Festibalaren agertokia izango da Zubietako hipodromoa datorren irailaren 16an eta 17an. Euskal Herriko nahiz kanpoko talde ezagunak bilduko ditu bi egunez, zaldi lasterketen jokalekuak. Bi egunotako kontzertuetarako sarrerak salgai dituzte.

Zubietako hipodromoko azken hilabeteotako zaldi lasterketek tartea egingo diete bi kontzertu gauei. Bueltan dator eta, azken urteotan bertan ospatu izan den Donostia Festibal jendetsua. Aurten, irailaren 16an eta 17an ospatuko da Euskal Herriko nahiz kanpoko talde ezagunekin. Antolakuntzak hipodromoan kokatuko dituen bi oholtzetara igoko dira besteak beste, gurean ezagunak ditugun Nogen, Idoia edota Bulego taldeak, baita Euskal Herritik kanpo ere oihartzun handiko musikariak diren Melendi edota Lola Indigo. Hurrengo asteburuko kontzertu gauetarako sarrerak eta bonuak salgai jarriak dituzte. 

"Donostia Festibala soinurik ezagunenak eta garaikideenak helburu berberaren pean biltzen dituen jaialdia da, publiko guztiek unean uneko artistez eta bandez gozatzeko aukera izan dezaten ekitaldirako jada enblematikoa den Donostiako Hipodromoan. Jaialdi inklusibo bat, musika genero ezberdinez gozatzeko, aurreko edizioetan jada sendotuta zegoen identitate batekin", antolatzaileen esanetan.

Urteotan, "komunitate anitza, gaztea eta aktiboa eratzea lortu du, espiritu ireki eta abegitsuko hiri bateko artista eta publikoarekin. Topaketa paregabea, zuzeneko magnetikoak eta alderdi guztietako esperientzia gogoangarriak ahalbidetzen dituen jaialdia".

DONOSTIA FESTIBALA ZUBIETAKO HIPODROMOAN
Irailak 16, ostirala
Keler agertokian:
18:35 Andrea Santiago.
20:15 Nogen.
22:30 Lola Indigo.
01:35 Nil Moliner.

"Bigarrena" agertokian:
18:00 Julen.
19:25 Bengo.
21:25 Marlon.
00:15 Arnau Griso.

Irailak 17, larunbata
Keler agertokian:
18:40 Idoia.
20:30 Marlena.
23:00 Melendi.
02:40 Stay Homas.

"Bigarrena" agertokian:
18:00 Intza.
19:30 Veintiuno.
21:40 Sofia Ellar.
01:30 Bulego.

Sarrerak: 2 eguneko bonua 45 eurotan, egunero sarrera 30 eurotan 
Informazio gehiago: donostiafestibala.com