Zubietako erraustegia

Arkaitzerreka "hesitua", kutsadurari "eutsi" nahian

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 8a, 18:44

Arkaitzerreka "hesitua" dago, modu honetan ikusi daiteke egunotan, Zubietako erraustegi ondotik igarotzen den erreka.

Erraustegiak geratzea exijituko duen Donostiako giza katerako hiru geratzen diren honetan, Zubietako erraustegi ondotik igarotzen den Arkaitzerrekak duen itxura duzue ondoko irudiotan. Uda honetan hainbatetan hizpide izan dugun moduan, kutsatua, aipatu hondakinen tratamendu planta zeharkatu osteko eremuan. Eta egunotan baita "hesitua". Ikusi bestela, zer nolako hesia jarri dioten, ahal den moduan, errekara isurtzen ari diren zikinkeriari "eusteko". Irudiok ostegun arratsalde honetan bertan, irailaren 8an ateratakoak dituzue. Irudiok ateratzeko unean, bi teknikari zeuden errekan behatze lanetan. Momentuz, isiltasuna nagusi ordea erakundeetatik. Kutsadurak begi bistakoa izaten segitzen du, azken gertaeron berri izan eta ia bi hilabete igaro diren honetan. 

"Ezohiko maila oso altuak"
Gogoan izan, uda honetan erraustegi ondotik igarotzen den Arkaitzerreka hizpide izan dugu. Egun batetik bestera, uztaila erdialdean apartsu eta gorritsu esnatu zen erreka. Abuztuan ere gorritsu ikusi ahal izan da eta aparrarekin baita, uztailean baino gutxiago egon arren.

Gogoan izan, Usurbilgo Udalak laginak bildu zituela uztaileko kutsadura gertaera egunotan eta hilaren 22an jaso zituen emaitzak. "Ezohiko maila oso altuak jaso dira kloruroetan, amonioan, konduktibitatean eta DQOn (Oxigenoaren Eskaera Kimikoa)". Eta hori gutxi balitz, 2020ko maiatzeko isurketan topatutako amonio kopuruaren ia bikoitza. "Orduko hartan, amonio kontzentrazio oso altua topatu zen (62 miligramo/litroko), eta lehengo asteko laginak ia bikoiztu egin du kopuru hori (117 miligramo/litroko)". GHK-ri, Ura Agentziari eta Foru Aldundiari helaraztekoa zituen emaitzak, azalpenak eskatzearekin batera. Gertatu zena, haren ondorioak eta berriz halakorik ez errepikatzeko hartu beharreko neurriei buruzko argibideak galdegin zituen Udalak.

Fiskaltza ikertzen
GuraSOSek fiskaltzan salatu zuen Arkaitzerrekan jazotakoa eta Gipuzkoako Ingurumen Probintzia Auzitegiko fiskalburuak ikerketa jarri zuen martxan, "kutsaduraren jatorria, kausa eta norainokoa zehazteko". Fiskalburuak Ingurumeneko Fiskalaren esku utzi zuen ikerketa GuraSOSek uztaila amaieran berri eman zuenez, eta uztailaren 19an SEPRONAk, Guardia Zibilaren ikerketa taldeak, egiten ari diren hainbat eginbide agindu zituen. GuraSOSek aditzera eman zuenez, egun haietan Guardia Zibilaren bi ibilgailu ikusi zituzten Arkaitzerreka inguruan "eta gaur laginak hartzen ari dira. Beraz, hemendik aurrera, Guardia Zibilaren eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Fiskaltzaren esku dago gertatutakoa ikertzea".