Zubietako erraustegia

Erraustegiak geratzeko, Kontxako giza katera lotzeko deia

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 10a, 13:20

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak aurten Bergarako Larramendiko Arnasa plataformarekin batera deitu duen giza katera batzeko deia egin dute, igande honetan, irailaren 11n goizeko 11:00etan Donostian. Alderdi Ederretik Kontxako hondartzara abiatuko da mobilizazioa. Hemen hitzordu honen harira, deitzaileek plazaratu duten adierazpena.

Errausketaren aurkako giza katea Kontxan
Urte asko darama Errausketaren Aurkako Mugimenduak mobilizazio hau antolatzen, baina hondakinen arazoa gero eta larriagoa eta zabalagoa denez, aurten Bergarako Larramendiko Arnasak ere egin nahi du deialdia.

Bada bi urte Donostiako erraustegia martxan jarri zela eta geroztik etengabe ari da arazoak sortzen. Hiru aldiz erre da transformadorea, pilatutako zaborretan sute bat izan da, bi aldiz kutsatu dute bertatik pasatzen den Arkaitzerreka, gutxienez 86 aldiz itzali eta piztu dira labeak honek suposatzen duen kutsadura gaindosiarekin. Momentu honetan bertan transformadorea hondatuta dute eta elektrizitatetrik sortu gabe ari dira zaborrak erretzen. Aldi berean, hilabete baino gehiago da Arkaitzerrekako kutsadura oso larria antzeman zela eta ez dago arduradunen aldetik inolako konponbiderik.  Arazo hauen guztien aurrean ez dago inoiz azalpenik erraustegiaren arduradun tekniko eta politikoen aldetik. Denak mutu daude: Eusko Jaurlaritza, Foru ALdundia, Donostiako Udala, GHK, URA.

Aipatutako intzidentzia guztiak kanpotik egindako jarraipenaren emaitza izan dira; erraustegi barrutik ez da informaziorik ateratzen, beraz honelako gertaera gehiago izan direla ondoriozta dezakegu. Behin eta berriz ingurugiroa eta herritarren osasuna arriskuan jartzen ari dira eta beren burua ezkutatu besterik ez dute egiten.

Baita ere azken urtean jakin da Eusko Jaurlaritzak eta Valogreen enpresak Bergaran hondakin industrialen erraustegi bat eraiki nahi dutela. Zaldibarren gertatutakoaren ondoren hondakin hauei "irtenbidea" eman behar diete. Hondakinak murriztera eta berreskuratzera derrigortu beharrean, Eusko Jaurlaritzak "alfombra gorria" jarri dio Valogreen-i Euskadiko zazpi paper fabriken hondakinak erre ditzan.

Eusko Jaurlaritzak, beti bezala, Valogreen-en proiektua garapen iraunkorreko helburuekin bat datorrela defendatzen du eta enpresari hiru milioi euro eman dizkio proiektua aurrera eramateko. Baina errealitatea beste bat da; erraustegi honek urtean 592.000 tona gas klima larrialdi areagotzen dutenak, 90.000 tona ur kutsatu, 8.000 tona hondakin arriskutsu, metal astunak, dioxinak sortuko ditu, besteak beste.

Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzaren jarrera antidemokratikoa salatu behar da, "Tapia legea"ren bidez haientzat estrategikoa den edozein proiektu aurrera ateratzeko aukera ematen baitio, herritarren eta Udalen iritzien eta arauen gainetik pasata. Hauxe da Bergaran gertatzen ari dena; nahiz eta herritarrek eta Udalak aurka egin, Eusko Jaurlaritzak jada eman du beharrezko den Ingurumen Baimen Bateratua.

Aipatutako arrazoiengatik Giza Katea antolatu da Donostiako Kontxan, Alderdi Ederretik abiatuta, irailaren 11n goizeko hamaiketan.

Errausketa ez da irtenbidea, ez Donostian ez Bergaran ez inon.
Hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko, birziklatzeko plan eraginkorrak eskatzen ditugu.

Antolatzaileak: Donostiak Bizirik, Larramendiko Arnasa, Errausketaren Aurkako Mugimendua.