Beste urte batez osasunarekiko eta ingurumenarekiko kezka agertu eta babesa eskatzen. Beste urte batez, alternatiba jasangarriago, merkeago eta osasuntsuagoen eske. Urte luzez egiten aritu diren moduan, berriz bildu dira gaurkoan. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta, Donostiako Alderdi Eder eta Kontxako hondartza zeharkatu ditu erraustegien aurkako giza kateak igande goiz honetan, estropaden bigarren eta azken jardunaldi erabakigarria ospatzen ari ziren artean.
Aurtengoan aipatzeko moduko bi berezitasun izan ditu "erraustegia gelditu! Sistema aldatu ez klima!", aldarripean osatu duten kateak. Batetik, bergararren partehartzea. "Larramendin erraustegirik ez!" aldarria zuen pankartarekin bat egin dute mobilizazioarekin. Herri hartan, Larramendiko Arnasa izeneko plataforma osatua dute. Hondakin industrialen erraustegi bat eraiki nahi diete eta haren aurkako giza katera batu dira gaur.
Horrekin batera, udan hizpide izan dugun Zubietako Arkaitzerrekako kutsaduraren salaketa ere giza katera eraman dute. Irudi ezberdinak erakutsiz salatu dute, erraustegi ondotik igarotzen den errekak duen itxura kaxkarra. Gaurkoz argibideak eskatu diren arren, isiltasuna da nagusi Arkaitzerrekan gertatzen ari denaren inguruan.
Hemen gaurko giza katera begira antolatzaileek egunotan plazaratu duten adierazpena:
Errausketaren aurkako giza katea Kontxan
Urte asko darama Errausketaren Aurkako Mugimenduak mobilizazio hau antolatzen, baina hondakinen arazoa gero eta larriagoa eta zabalagoa denez, aurten Bergarako Larramendiko Arnasak ere egin nahi du deialdia.
Bada bi urte Donostiako erraustegia martxan jarri zela eta geroztik etengabe ari da arazoak sortzen. Hiru aldiz erre da transformadorea, pilatutako zaborretan sute bat izan da, bi aldiz kutsatu dute bertatik pasatzen den Arkaitzerreka, gutxienez 86 aldiz itzali eta piztu dira labeak honek suposatzen duen kutsadura gaindosiarekin. Momentu honetan bertan transformadorea hondatuta dute eta elektrizitatetrik sortu gabe ari dira zaborrak erretzen. Aldi berean, hilabete baino gehiago da Arkaitzerrekako kutsadura oso larria antzeman zela eta ez dago arduradunen aldetik inolako konponbiderik. Arazo hauen guztien aurrean ez dago inoiz azalpenik erraustegiaren arduradun tekniko eta politikoen aldetik. Denak mutu daude: Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Donostiako Udala, GHK, URA.
Aipatutako intzidentzia guztiak kanpotik egindako jarraipenaren emaitza izan dira; erraustegi barrutik ez da informaziorik ateratzen, beraz honelako gertaera gehiago izan direla ondoriozta dezakegu. Behin eta berriz ingurugiroa eta herritarren osasuna arriskuan jartzen ari dira eta beren burua ezkutatu besterik ez dute egiten.
Baita ere azken urtean jakin da Eusko Jaurlaritzak eta Valogreen enpresak Bergaran hondakin industrialen erraustegi bat eraiki nahi dutela. Zaldibarren gertatutakoaren ondoren hondakin hauei "irtenbidea" eman behar diete. Hondakinak murriztera eta berreskuratzera derrigortu beharrean, Eusko Jaurlaritzak "alfombra gorria" jarri dio Valogreen-i Euskadiko zazpi paper fabriken hondakinak erre ditzan.
Eusko Jaurlaritzak, beti bezala, Valogreen-en proiektua garapen iraunkorreko helburuekin bat datorrela defendatzen du eta enpresari hiru milioi euro eman dizkio proiektua aurrera eramateko. Baina errealitatea beste bat da; erraustegi honek urtean 592.000 tona gas klima larrialdi areagotzen dutenak, 90.000 tona ur kutsatu, 8.000 tona hondakin arriskutsu, metal astunak, dioxinak sortuko ditu, besteak beste.
Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzaren jarrera antidemokratikoa salatu behar da, "Tapia legea"ren bidez haientzat estrategikoa den edozein proiektu aurrera ateratzeko aukera ematen baitio, herritarren eta Udalen iritzien eta arauen gainetik pasata. Hauxe da Bergaran gertatzen ari dena; nahiz eta herritarrek eta Udalak aurka egin, Eusko Jaurlaritzak jada eman du beharrezko den Ingurumen Baimen Bateratua.
Aipatutako arrazoiengatik Giza Katea antolatu da Donostiako Kontxan, Alderdi Ederretik abiatuta, irailaren 11n goizeko hamaiketan.
Errausketa ez da irtenbidea, ez Donostian ez Bergaran ez inon.
Hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko, birziklatzeko plan eraginkorrak eskatzen ditugu.
Antolatzaileak: Donostiak Bizirik, Larramendiko Arnasa, Errausketaren Aurkako Mugimendua.