Zubietako erraustegia

Erraustegiko arduradunak inputatu gisa hasiko dira deklaratzen gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 16a, 09:34

Uda honetan ez, 2020ko maiatzean Arkaitzerrekan izandako isurketaren harira ireki zen ikerketa judizialaren baitan, deklaratzen hastekoak dira ostiral honetan, Zubietako erraustegiko arduradun nagusiak, GuraSOSek aurrez iragarria izan eta egunotan gogorarazi duenez.

Hainbat istripu eta ezbehar eragin ditu Zubietako erraustegiak piztu zutenetik bi urte pasa diren honetan. Ikusgarrienetako bat, duela bi urte, osasun krisialdi betean ia etxetik atera ezinik ginela, 2020ko maiatzean aipatu tratamendu plantatik ondotik igarotzen den Arkaitzerrekara amonio isurketa. Ehunka arrain, tartean aingirak ere hil zituen. Uda honetan hizpide izan dugu baita aipatu erreka, gorritsu eta apartsu agertu zelako uztailaren 14an eta ordutik kutsatua dago berriz. Uztailaren 14an GuraSOSek fiskaltzan salaketa aurkeztu eta Gipuzkoako Ingurumen Probintzia Auzitegiko fiskalburuak ikerketa abiarazi zuen. Ikusteke dago zer ekarriko duen ikerketa honek.

2020ko maiatzeko isurketaren harira abian den ikerketaren baitan ordea, ostiral honetan, irailaren 17an, isurketa izan eta bi urte beranduago, deklaratzen hastekoak dira Zubietako erraustegiko arduradun nagusiak goizeko 9:30etan hasita, zigor arloko Donostiako Instrukzioko 5. epaitegian. GuraSOSek ohartarazi duenez, Santiago Barba Vera eta Victor Guindo Lopez Ekondakineko gerenteak, Ekondakin eta Cesar Gimeno Sandig Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) zuzendari nagusia. Akusazio gisa jardungo du GuraSOSek.

Bi ikerketa
Iragan ekainean iragarri zuen hain zuen GuraSOSek, 2020ko Arkaitzerrekako hondamendiaren harira, ikerketa zabaltzea agindu zuela gaur deklarazio hartzeak bilduko dituen Donostiako aipatu epaitegiak. "Beste inputazio batzuk egitea eta GuraSOS elkarteak eskatutako proba eginbide berriak egitea erabaki du, baita Ingurumen Fiskaltzak eskatutakoak ere". Aipatu elkartetik gogorarazi zutenez, "bere autoan, magistratuak erabaki du Guardia Zibilaren Sepronari bi ikerketa agintzea". Batetik, “hildako aingira baten ehunean agertutako kloroalkanoen (0,885 mg/kg) eta metalen maila handiaren jatorria edo emisio-iturria aurkitzeko”. Bestetik, “kutsatzaileak ez sakabanatzeko, isurketarik ez gertatzeko edo langileen eta ingurumenaren segurtasuna bermatzea helburu duten zer obra, segurtasun-sistema, funtzionamendu- eta segurtasun-proba, instalazio eta gainerako neurri zuzentzaile edo segurtasun- eta kontrol-neurri zehatzak, egin gabe, instalatu gabe edo behar bezala funtzionatzen dutela frogatu gabe zeuden gertakarien unean eta azkenean zein datetan ezarri diren zehaztea”.

"Oso konposatu toxikoak"
Kloroalkanoen eta metalen ikerketari dagokionean, SEPRONAren ikerketak dioena aipatuz GuraSOSen esanetan, “oso konposatu toxikoak” dira eta “minbizia sor dezaketela gizakiarengan eta beste kalte larri batzuk osasunean eta ingurumenean”, eta, aldi berean, substantzia hori “debekatua dagoela 2004az geroztik EBn. Era berean, aingiran aurkitutako substantzia horren jatorria zehazteko beharra azpimarratu zuen, baina susmoak ikertzen ari zen erraustegiaren jarduerakoak zirela aurreratu zuen: "bizitza baliagarriaren amaieran hiriko hondakin solido gisa kudeatu ohi diren plastikoak, gomak edo pinturak izan daitezke hautagai posibleak, instalazioak erregai gisa erabiltzen dituen materialak”, zioen perizialak".

Hala dela egiaztatuko balitz, hondamendi honen jatorria erraustegian dagoela alegia, GuraSOSek gogorarazi moduan, "epaitegiak jarduera geldiarazteko agindu lezake". Bigarren ikerketa instalazioei lotutakoa dela adierazi zuten. "2020ko maiatzean zuen segurtasun-egoera (edo segurtasun-falta) argitzen saiatzen da; izan ere, 2020ko otsailetik %70-80ra bitartean funtzionatzen zuen instalazioak, obrak amaitu gabe, beharrezko probak egin gabe eta martxan jartzeko baimenik gabe".

Inputatu gehiago
Hau gutxi ez eta, "ikerketaren alderdi subjektiboa ere handitu egin da", dio GuraSOSek. "Hiru egozpen edo inputazio pertsonal berri gehitu dira, GuraSOS elkarteak eskatuak. Une honetan, ikertutako hamalau pertsona daude, eta beste lau enpresa ere bai GHK SAU publikoarekin egoera horretan bat egin dutenak". Besteak beste, Cesar Gimeno bide-ingeniaria, GuraSOSen esanetan, egungo GHK-ko eta Gipuzkoako PSE-eko lehendakari eta Foru Aldundiko ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensioren "eskuin-eskua" eta biak Iñaki Arriola garraio sailburu zela "konfiantzako talde kideak" 2009-13 legealdian; Asensio Eusko Trenbideak-eko zuzendari nagusi eta Gimeno lehendakariorde exekutibo izendatu baitzituen Arriolak.

"Ekondakin enpresa kontzesioduna Donostiako Epaitegiak egotzitako beste entitateetako bat da". Bertan dira, "Meridiam, [enpresa] inbertitzailea, hondakinak tratatzeko Urbaser multinazional txinatarra, Altuna eta Uría, Moyua eta Murias eraikuntza-enpresa gipuzkoarrak eta LKS". Ekondakinek sortutako Ekobal "erakunde instrumentala ere inputatu du epaileak" baita labeen teknologia berria erraustegira ekarritako "SBE (Steinmuller Bakoc Enrionment) enpresa alemana" eta "Boldrochi multinazional italiarra ere, ikertutako kubetaren instalazioan parte hartu baitzuen". Horrez gain, "beste lau lekuko izendatzea ere erabaki du; besteak beste, URA inspektorea eta isuriaren salaketa egin ondoren jardun zuen basozaina, eta GHKko proiektuen zuzendaria. Lekukoen deklarazio-data ez da oraindik adierazi".

Inputatuena bai. Ikertu berri hauek guztiak gaur deklaratzen hastekoak zirela berri eman zuen GuraSOSek iragan ekainean. Kasu honen instrukzioa uztailerako amaitzea aurreikusia bazen ere, "beste sei hilabetez luzatzea espero da". 

Bi mila orrialdeko ikerlana
Gogoan izan, Ingurumen Fiskaltzan aurkeztutako salaketa bat du abiapuntu instrukzio lan honek; 2020ko maiatzean Zubietako Arkaitzerrekan izandako isurketari lotutakoa. "Guardia Zibilaren Ingurumen Unitate Zentral Operatiboak (UCOMA) ikerketa burutu zuen, bi mila orri baino gehiagotan jasoa, eta Ekobaleko langile xume batzuk eta GHK-k berak, besteak beste, 2022ko urtarrilaren 13an inputatu moduan deklaratu zuten". 

Albiste honetan mintzagai dugun maiatzaren 31ko auto berri eman arte, gai honi buruzko ikerketa geldirik zegoela adierazi zuen GuraSOSek, "GuraSOS taldea akusazio partikular gisa agertu zen arte. Horretarako, 1.500 €-ko fidantza jarri behar izan zuen, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak beheratu ondoren, kasua instruitzen duen Epaitegiak hasieran eskatutako 6000 euroko kopurua eskatu baitzion. 2021. urteko abenduan, GuraSOS elkarteak eginbide batzuk eskatu zituen, eta horiekin bat egin zuen kamioilariaren defentsak. Epaitegiak Fiskaltzaren iritzia eskatu zuen horren gainean, eta Fiskaltzak, martxoaren amaieran datatutako idazki baten bidez, berariaz bat egin zuen eginbide horietako batzuekin, eta ez zion aurka egin gainerakoari, eta ofiziozko batzuk ere proposatu zuen. Bere autoan, magistratuak erabaki du Guardia Zibilaren Sepronari bi ikerketa agintzea".