Enegarren ezbehar edo istripua Zubietako erraustegian. Oraingo hau, iragan apirilaren 25ean jazo zen, aipatu tratamendu plantako transformadore nagusian. "Egun berean, transformadorea fabrikatzaileari bidali zitzaion, konpon zezan", berri eman du GuraSOSek. Gailu honen ekoizle "ABB alemaniarra orain Japoniako Hitachi enpresarekin elkartuta dagoenak, bere aldetik, ez du gomendatzen aparatua konpontzea jasandako kalteen larritasunagatik eta atzeraezintasunagatik, lehen txosten batean agertzen denez", gaineratu du aipatu elkarteak.
"Hark behin-behineko txosten bat egin du, eta bertan adierazten du istripua 2020ko irailaren 1ekoaren oso antzekoa dela. Ondorioz, ez da gomendatzen hura konpontzea, nukleoan izandako kalteen larritasuna eta atzeraezintasuna kontuan hartuta. Kasu honetan, beste batzuk dira kaltetutako nukleoko bobinak", GuraSOSek berri eman duenez.
Azarora arte, "baimendutako behin-behineko instalazio batekin"
Ezbeharra apirilaren 25ean gertatu eta GuraSOSetik azaldu dutenez, lau egun beranduago jakinarazi zion erraustegia kudeatzen ari den Ekondakinek Arantxa Tapiak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Ingurumen Sailari, nahiz GuraSOSetik ohartarazi dutenez, "arauak ezartzen du, horrelako jakinarazpenak, gehienez 24 orduko epean egin behar direla. Ez Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK), ez Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zubietako gunearen jabe diren erakunde publikoek, ez dute inolako ekimenik aurrera eraman Gipuzkoako biztanleei GuraSOSek orain adierazten dituen gertakarien berri emateko".
Istripuak eragin zuzena izan du ordutik Zubietako erraustegiaren funtzionamenduan. Lehenik eta behin, "erraustegia hilabete egon zen energiarik sortu gabe eta errausketarako labeak erabili ezinik. Maiatzaren 25az geroztik, sei hilabeterako baimendutako behin-behineko instalazio batekin ari da lanean, transformadore nagusi matxuratuaren edukieraren laurden bat duten hainbat transformadore instalatu dituzten edukiontzietan oinarrituta".
Alegia, "instalazioak behin-behineko ekipo batzuekin funtzionatzen du, goi-tentsioko saretik hornitzea eta sortutako elektrizitatearen laurden bat isurtzea ahalbidetzen dutenak; izan ere, behin-behineko ekipo horien potentzia 7MW/h-koa da, eta transformadore matxuratuaren potentzia, berriz, 28 MW/h-koa".
Behin-behineko egoera honek ere epe-muga bat finkatua duela ere gaineratu du GuraSOSek. "Arauen arabera, 2022ko azaroan amaituko litzateke, eta beraz, konplexuaren berehalako etorkizuna ezezaguna da gaur egun".
"Balorizatutako energia testigantza hutsa da"
Transformadore nagusiaren matxurak zuzenean eragin du erraustegiaren funtzionamenduan. GuraSOSek ohartarazi duenez, proiektu honen sustatzaileek hainbat alditan nabarmendu izan duten balorizazioan eta balorizazio horrekin sor dezakeen argindarrean. "GHK-k 2021eko irailaren 9an emandako datuen arabera, Zubietako plantak urtean 160.000 MW.h sortzea aurreikusten zuen, 45.000 etxeetako beharrak hornitzeko adina energia elektriko". GuraSOSek plazaraturiko azken datuen arabera ordea, "balorizatutako energia testigantza hutsa da". Elkarte honen esanetan, "egungo kopuruak oso urrun daude iragarritako aurreikuspenetatik. IMIEk (Elektrizitateko Merkatu Iberiarreko Operadoreak) eskainitako zifren arabera, Zubietak 55092,4 MWh/urteko energia isuri du elektrizitate-sarera 2021eko apirilaren 1etik 2022ko martxoaren 31ra bitartean, hau da, GHK-k iragarritako aurreikuspenen %34,4 eta ahalmenaren %28,5. Zifra horiek are txikiagoak izango lirateke egungo egoeran, kontuan hartuta egungo instalazio eraldatzailea orduko 6MW isurtzen ari dela".
"Alerta berriro aktibatzeko" deia
Zubietako planta, "balorizazio energetikorako zentro gisa definitua, hau da, errausketaren eta energia sortzearen arteko batuketa", GuraSOSek adierazi duenez, badirudi orain balorizazio energetikoa nabarmen murriztua geratu dela, "energia sortzeko, energia sortu behar da", baina "errausketarekin bakarrik" GuraSOSek ohartarazi duenez, "ez dago balorizaziorik". Eta energia sortu gabe, Zubietako "proiektua aurrekaririk gabeko porrota da, eta, gainera, legez kanpokoa da", adierazi du GuraSOSek. Elkartearen aburuz, "Zubietako konplexuaren hondamendi funtzional orokorrari, eta horren ingurumenean eta bertan jarduten duten langileen segurtasunean dakarren larritasunari, kualitatiboki haratago doan beste defizit hori gehitu behar zaio, proiektuaren bideragarritasunari modu erabakigarrian eragin diolako".
Larritzat jotzen duen testuinguru honetan, "GuraSOSek gizarteari dei egiten dio kasuaren aurrean duen alerta berriro aktibatzeko. Aldi berean, erakundeei dei egiten die gizartearekin elkarrizketari ekin diezaioten, ingurumen-erronkari, oro har, eta proiektu horri, bereziki, aurre egiteko, ohiko bideen kortsea gaindituz, argi eta garbi ez baitira nahikoak horrelako kasuei aurre egiteko".
Hirugarren istripua
Hau ez da Zubietako erraustegiko transformadore nagusiak izan duen lehen matxura, gutxienez hirugarrena bai, GuraSOSek berri eman duenez. Lehenengoa, 2019ko ekainaren 11n jazo zen. Egun hartan matxuratu eta lehendik instalatua egon arren, GuraSOSek gogorarazi duenez, urte hartako abuztuaren 13an jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren aldetik, instalatzeko baimena "eta Ekondakinek ez zuen eskatu hura partzialki martxan jartzea urte horretako irailaren 5era arte". Halere, "elektrizitatea jasotzeko martxan zegoen goi-tentsioko saretik (kontsumorako energizazioa), legez kanpo eta ezkutuan". Urte hartako "abuztu amaierarako konponduta egon zen". Urriaren 29an Berria egunkariak gertakari honen berri eman ostean, Industriaren ordezkaritzak "zehapen-espedientea ireki zuen 2019ko azaroaren 13an", eta "2020ko otsailaren 24an, 30.000 euroko isuna jarri zion emakidadunari, hiru alderditan arau-hauste larria egiteagatik: transformadorea instalatzea eta martxan jartzea, biak baimenik gabe, eta istripuaren berri ez ematea, istripua pertsonentzat eta ondasunentzat arriskutsua izan zitekeenean, bai eta kalteen larritasuna ere".
2020ko irailaren 1ean gertatu zen bigarren istripua albiste honetan hizpide dugun transformadorean, "erraustegian sortutako elektrizitatea sarera isurtzeko lehen energizazioa programatu zuen" egun berean. Aldiz, "eragiketak porrot egiten du berriro", GuraSOSek azaldu duenez, eta "transformadorearen nukleoa kaltetzen duen bigarren istripu larria izaten da, zehazki, haren bobinetako bat". Araudiak 24 orduko epean gertakari honen berri ematea derrigortu arren, "istripua gertatu eta 15 egunera jakinarazten zaio Industriari". Eta "matxuraren larritasuna" ikusita transformadorea Alemaniako ekoizlearengana eramaten dute. "Hiru hilabete geroago, 2020ko abenduaren 10ean, ez zuten berriro Gipuzkoan instalatu. Denbora horretan, transformadore nagusiaren ordez behin-behineko instalazio bat jarri zen, egungoaren antzekoa, balorizazio irrigarriko zifrekin".
Istripu horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailak "hiru zehapen ezarri zituen arau-hauste larriagatik: ekipoa arrisku edo kalte larria eragiten duen segurtasun-erregelamenduak bete gabe erabiltzea; mantentze desegokia, pertsonentzako eta ondasunentzako arriskuarekin; atzemandako akatsak ez zuzentzea, pertsonentzat eta ondasunentzat arrisku larria eraginez".