Finkatua du Zubietak, Endika Abril errebote txapelketako finalaurrekoa

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 4a, 10:21

Urriaren 9an jokatuko dute etxean, Zubietako errebote plazan.

Orain bai, 59. Endika Abril errebote txapelketa azken fasean murgildua dago. Egutegian aldaketekin ordea. Lehen faseko neurketak iraileko asteburuetan jokatzea aurreikusia zuten antolatzaileek eta lehiaketan izena emanda dauden 9 taldeek, tartean Zubietak. Finalaurrekoak iragan asteburuan ospatu behar ziren, eta igande honetan bertan, urriaren 9an final handia Zubietan.

Aipatu moduan ordea, egutegian aldaketak egon dira. Finalaurrekoak astebete, garaileak nortzuk diren erabakiko zuen partida, finala jokatu behar zen urriaren 9ra atzeratu dituzte. Final nagusia beraz ez da jokatuko urriaren 16ko asteburua baino lehen. 

Zubieta sailkatua
59. Endika Abril errebote txapelketako azken fasea jokoan izango da beraz datorren asteburuan. Lau talde igaro dira urriaren 9ko finalaurrekoetara; tartean Zubieta. Lehen fasean izan zituzten bi partidak irabazi ostean, haien B multzoko sailkapen buruan igaro dira azken txanpa honetara.

Final nagusia jokatzekoa zen errebote plazan neurtuko dira zubietarrak, etxean beraz, hilaren 9an goizeko 10:30etan hasita Hazparneko (Lapurdi) Noizbait taldekoekin. Beste finalaurrekoa ordu berean baina Oiartzungo plazan ospatuko da; etxekoen, Txost taldekoen eta Donibane Lohitzuneko (Lapurdi) Luzean taldekoen artean.

Neurketa hauetan erabakiko dira Endika Abril errebote txapelketako irabazteko azken bi hautagaiak nortzuk izango diren.

59. ENDIKA ABRIL ERREBOTE TXAPELKETA
1. FASEKO EMAITZAK
Irailak 4, igandea
Zubieta 13-4 Kapito Harri

Irailak 18, igandea
Zubieta 13-7 Endaiarrak

B multzoko sailkapena
1-Zubieta: 4.
2-Kapito Harri: 3.
3-Endaiarrak: 2.

AMAIERA FASEA
Finalerdiak:
 
Urriak 9, igandea
10:30 Zubieta-Noizbait, Zubietako errebote plazan.
10:30 Luzean-Txost, Oiartzungo plazan.

Finala: zehazteke.

Informazio gehiagorako: gipuzkoapilota.eus
Antolatzailea: Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa.