Bertsolari Txapelketa Nagusia

Asier Azpiroz finalaurrekoetan izango da

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 10a, 11:35

Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen fasea atzo amaitu zen Lizarran. Asier Azpiroz bertsolari zubietarrak hartu zuen parte atzoko kantaldian eta lan txukuna osatu zuen. Bigarren amaitu zuen eta pilatutako puntuei esker, finalaurrekoetan aritzeko txartela eskuratu du.  Urriaren 29an Donibane Garaziko saioan izango da.

Lizarrako Los Llanos aretoan 500 bertsozaletik gora elkartu ziren. Aretoa beteta zegoela kantatu zuten sei bertsolariek Amaiur Lujanbio Agirre gai-emaileak gidatutako saioan. Bertsolariak hauek izan ziren: Imanol Uria Albizuri, Asier Azpiroz Iztueta, Iñigo Mantzizidor Larrañaga ‘Mantxi’, Unai Gaztelumendi Arandia, Aitor Bizkarra Ruiz eta Maialen Akizu Bidegain.

Aitor Bizkarrak lortu zuen puntu gehien pilatzea, 693,5 puntu. Jarraian geratu ziren Asier Azpiroz (666 puntu), Maialen Akizu (658,5), Imanol Uria (652 puntu), Unai Gaztelumendi (630,5) eta Iñigo Mantzizidor ‘Mantxi’ (622,5).

 

Finalaurreko saioak, osatuta

Aitor Bizkarrak zuzenean lortu zuen finalaurrekoetarako txartela eta Durangoko finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 12an.

Asier Azpirozek ere finalaurrekoetara sailkatzea lortu du eta urriaren 29an arituko da Donibane-Garazin egingo den kantaldian. Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Amets Arzallus Antia, Haritz Mujika Lasa, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaranekin batera igoko da oholtza gainera.

Donibane-Garaziko saiorako sarrerak eskuragarri daude, ondoko esteka honetan: bertsozale.eus

 

Argazkia: Alberto Elosegi, Xenpelar Dokumentazio Zentroa.