Omenaldia

Mikel Bengoetxea omendu du Zubietak

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 16a, 14:16

59. Endika Abril errebote txapelketaren finala jokatu berritan omendu dute urte luzez Zubietako pilota elkartean duen onena ematen aritu den kidea.

"Eskerrik asko egiten duzun lan guztiagatik", Zubieta Pilota Elkartearen izenean. Esker hitzok jasotzen zituen txapela eta Kerman Errekondok abestu dion bertsoaren oroigarria oparituta omendu dute igande eguerdi honetan Mikel Bengoetxea Zubietan. Bertako pilota elkartean urte mordoa eman ditu eta jarraitzen du, duen onena ematen.

59. Endika Abril errebote txapelketaren finala amaitu berritan, urteotan Zubietako herrigintzari, kirol elkarteari eskainitako denbora eta izerdia eskertza moduan itzuli nahi izan dio gaurkoan herriak. Errebote plazara sartzerakoan herrikide eta elkarteko kideek eskutan zestoak zituztela egin diote harrera. Agurra dantzatuz eta bertsotan egin diote gorazarre Bengoetxeari.

Ezustekoa hartu duen omenduak esker ona adierazi die errebote plazan bildutakoei.


Zubieta pilota elkartearen
eskerrak jaso itzazu.
Mundu txiki hontan aurkitzen zeran
izar haundi bat zera zu.
Mikel lanean borondatean
huts egin gabe jo ta su.
Egindakoaren gure aitortza
txapela jantzi ezazu.
Partida ez da jokatu behar
irabazita daukazu.