Lapurtarren artean erabaki da, 59. Endika Abril errebote txapelketako garailea

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 16a, 13:57

Lapurdiko bi talderen arteko norgehiagokak horixe zehaztu du, 59. Endika Abril errebote txapelketako garaipena Lapurdirantz doala aurtengoan.

Donibane Lohitzuneko Luzean taldeak irabazi du 59. Endika Abril errebote txapelketa. 13-4 nagusitu zaio herrialde bereko aurkariari, Hazparneko Noizbait taldeari, igande goiz honetan Zubietan jokatu duten final handian. Bistan denez, lehiaketako azken neurketa errebote plazan ospatu arren, etxekoak bertan ziren bai, baina antolaketa lanetan gaurkoan. Hainbat edizio irabazi izan dituen Zubieta finalera sailkatzear geratu baitzen; finalaurrekoetaraino heldu ziren.

Aipatu moduan Lapurdirantz doa, aspaldiko partehartzaile kopuru handiena erakarri duen Endika Abril txapelketako aurtengo garaipena. 9 talde lehiatu dira, iraila hasieran abiatu zen edizioan.

9 dira aurtengoan izena eman duten taldeak; Zubietak eta Oiartzungo Txost taldeek Gipuzkoatik. Haiekin, Baigorriko (Nafarroa Beherea) Zaharrer Segik eta Lapurdiko sei taldeok: Luzean (Donibane Lohitzune), Senpere (Senpere), Endaiarrak (Hendaia), Kapito Harri (Uztaritze), Noizbait (Hazparne) eta Kanboarrak (Kanbo) taldeek.

Zubietari dagokionez, txapelketako lehen fasea sailkapen buruan amaitu zuen bere B multzoan, multzo horretan lehiakide zituen Kapito Harri (13-4) eta Endaiarrak (13-7) taldeei irabazi ostean. Finalaurreko neurketan ordea ez zuen gaurko hitzordurako sailkatzerik izan.