Zubietako erraustegiari lotutako "zenbait inspekzio lanen ikerketa" bideratzea eskatu dio Gipuzkoako fiskaltzak zaintzako epaitegiari. Hala berri eman du GuraSOSek ostegun goiz honetan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin duen agerraldian. Joseba Belaustegi abokatuak eta Olatz De Miguel, Zubietako Arkaitzerrekatik hurbil bizi den herrikideak, "Kontuz, ama naiz!" 2020. urte hasieran GuraSOSek bideraturiko ekimenaren sustatzaileetako batek eman dituzte gai honi buruzko xehetasunak.
"Zubietako erraustegia zaintzako epaitegiko gaia izatera iragan da jada", berri eman dute. "Gipuzkoako fiskaltzak zaintzako epaitegiari eskatu dio ustezko prebarikazioagatik funtzionario publiko baten jarduera ikertzeko". GuraSOSek hain zuzen, "lurrazpira filtratu den kutsaduraren jatorrian egon zitekeen drainatze instalazio klandestino batekin lotutako zenbait gertakariren berri eman dio Gipuzkoako fiskalari eta Gipuzkoako fiskaltzak zaintzako epaitegiari zera eskatu dio; bidera dezala dagokion epaitegira erraustegiaren funtzionamenduarekin lotutako zenbait inspekzio lanen ikerketa".
"Baliteke ikuskapenak egin zituen teknikariak instalazio hauen aurrean ezikusiarena egin izana"
Arkaitzerrekan bistaraturiko kutsaduraz ari ziren. Gogoan izan, udan zehar apartsu eta gorritsu zegoela erraustegi azpitik igarotzen den erreka. 2020an ere erraustegitik zetorren amoniako isuria jasan eta ehunka arrain hil zituen. Oraingo honetan ere, ustez loturarik egon liteke erraustegiaren jardunaren eta Arkaitzerreka kutsatuaren artean. Baina GuraSOSek azaldu duenez, fiskalaren susmoak haratago doaz. "Fiskal honen ustez, baliteke ikuskapenak egin zituen teknikariak instalazio hauen aurrean ezikusiarena egin izana. Eta fiskalaren ustez ere, salaketatik eta aurkeztutako dokumentaziotik ondorioztatu daiteke, eta fiskalak berak aztertu du bere dekretuan adierazten duen moduan, zantzu horien arabera egitate hauek delitu baten ezaugarriak dituztela eta Zigor Kodearen 329.1 artikuluan tipifikatuta eta zigortuta daudela".
GuraSOSen esanetan, "dreinatze instalazio klandestino hori-baimenik gabeko obrei hala deitzen zaie doktrina administratiboan-oso agerikoa zen begi hutsez. Izan ere, nahitaez ohartarazi behar izan zen, Ingurumen ikuskatzaileak instalazioetan bertan egin zituen ikuskapenetan".
Eginbideon jatorria, "erraustegiaren lurzoruan eta lurpeko uretan zein Arkaitzerreka errekan, Donostia eta Usurbil herrien parean, aurkitutako azken aztarna kutsatzaileetan" kokatu dute. "Berria egunkariak irailaren 17ko edizioan, filtrazio kutsatzailearen balizko jatorriari buruzko alerta jarri zuen informazio bat argitaratu zuen. Eta egunkariaren informazioan eta ikerketa propioetan oinarrituta, GuraSOSek fiskaltzako dekretu hau eragin duen eskaera igorri dio Gipuzkoako fiskaltzari".
Mobilizatzeko deia
Testuinguru honetan, sentsibilizazio eta mobilizazio bidea jorratzekoak dira GuraSOSetik. Laster mobilizazio handi bat iragartzekoak dira. Lehenago, abiapuntu gisa, hitzaldi eta bilera deitu ditu ostegun honetan 19:00etan Sutegin. Belaustegik berak goizean Donostian esandakoen berri zehatzago emango du, aurrera begirako estrategia bertaratuekin partekatzearekin batera. Fernando Palacios zientzialariaren hitzaldia ere izango dugu. "GuraSOSen aldetik gizarte mobilizaziorako gaitasuna berriro aktibatuko dela iragartzen dugu, oso nabariak eta larriak direlako erraustegiaren funtzionamenduan gertatzen ari direnak".