Bertsolari Txapelketa Nagusia

Asier Azpiroz Donibane Garaziko finalaurrekoan arituko da larunbat honetan

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 27a, 11:11

Bertsolari Txapelketa Nagusia finalaurrekoetan da. Larunbat honetan jokatuko da bigarrena, Donibane Garazin. Asier Azpiroz zubietarra arituko da saio honetan, Amets Arzallus, Haritz Mujika, Oihana Iguaran, Nerea Elustondo eta Aitor Etxebarriazarragarekin batera. 

Bertsoa.eus web orrian sei bertsolarien profilak osatu dituzte:

Amets Arzallusek (Hendaia, 1983) seigarren Txapelketa Nagusia du aurtengoa, 2001ean hasita. 2005ean sartu zen lehenengoz finalean. 2009an txapeldunorde gelditu zen Lujanbioren atzetik eta 2013an txapeldun. 2017an zuzenean kantatu zuen finalean eta aurtengoan finalaurrekoetan sartuko da. 39 urte betetzear eta 20 urtetik gorako bidea darama bertsogintzaren olatuan.

Haritz Mujikak (Asteasu, 1995) Gasteizko kanporaketa irabazita eskuratu zuen Donibane Garaziko txartela, txapelketako agurrik zabalduena kantatuta. Ordezko gisa sartu eta bere lehen Txapelketa Nagusian, saio ederra eginda, kanporaketa irabaztea lortu zuen, Miren Artetxe eta Iban Urdangarinen aurretik. Txapelketak lan eginda eta aldarte onean harrapatu duela adierazi zuen Bertsoa.eus-i egindako elkarrizketan.

Oihana Iguaran (Amasa-Villabona, 1991) kanporaketa fasean distira gehien erakutsi duen bertsolarietako bat izan da. Gotaine-Irabarnen bigarren egin zuen (737,5), Nerea Ibarzabalen atzetik (738). Ganbarako lanean doinu berria atera zuen, Erramun Martikorenaren Xorieri mintzo zen kantua moldatuta, kopla zaharrek ohi duten puntu motzen joko bereziarekin. Azken urte luzeetan, plazako lehen lerroan dabil. Bere bigarren Txapelketa Nagusia du aurtengoa. 2017an bigarren itzulian kantatu zuen eta sailkapenean erdiz gora gelditu.

Nerea Elustondok (Legazpi, 1981) 2001ean ekin zion Txapelketa Nagusiko bideari eta laugarren edizioa du aurtengoa. Seikoteko zaharrena da legazpiarra eta lehenengo kanporaketan, Getxon, lan ederra egin eta puntuazio altuarekin bigarren postua eskuratuta dator. 2019ean, Gipuzkoako Txapelketa bikaina egin zuen, bereziki finala, azken unera arte buruz buruzkoan sartzeko lehian egoteraino.

Aitor Etxebarriazarragak (Gernika-Lumo, 1993) bere lehen Txapelketa Nagusia du eta Donostian hirugarren postua eskuratuta lortu zuen Donibane Garazirako txartela, plazatik nahiko gertuko saioa eginda, saio ondorenean adierazi zuenez. Gutxik egindako bidea egiten ari da gernikarra: helduaroan plazaratu, Bizkaiko finalean sartu iaz, eta Euskal Herriko finalaurrekoan kantatu, urte gutxiren tartean.

Asier Azpirozek (Zubieta-Gipuzkoa, 1991) Lizarrako kanporaketan bigarren egin izanak eman zion Donibane Garazirako eskubidea, saio orekatua eginda, final ostean adierazi zuenez. Bere lehen Txapelketa Nagusian finalaurrekoetara sailkatzea lortu du zubietarrak. Fintasuna eta etorri erraza berekin ditu Azpirozek.

 

Egin beharreko lanak

Aurreko fasearekin alderatuta, bi lan ezberdin izango dira finalaurreko lehen itzulian: puntutako ariketa eta seiko motza. Puntutan, launa bertso botako dituzte. Seiko motzean, hiruna. Gainerakoan, aurreko faseko ariketa berak: zortziko handi, txiki eta ganbara. 15 bertso puntuagarri denera. Bertso saioa 17:00etan hasiko da.