Gizarteari babes-harresi sendo eta garaiezina eraikitzeko deia egin du GuraSOSek azaroaren 27an Donostiako Zurriolan. Nahita aukeratu dute mobilizatzeko lekua. "Aurreko astean jakin dugu baimena eskatu dutela URA agentzian obra hidrauliko bat egiteko, emari toxikoa Añarbeko hondakin-uren sarera bidali ahal izateko, Monpas-Sagües aldean, Zurriolako hondartza inguruan, isurtzeko asmoz".
Hortik, erraustegia berehala geratzea eskatzeko Gipuzkoako hiriburuko zonalde honetan deitu duten mobilizazioa. Eragile eta aurpegi ezagun anitzen babesa jaso du jada hitzorduak. Besteak beste, "Eguzki, Ekologistak Martxan edo Greenpeace talde ekologistak, CCOO, ELA eta LAB sindikatuak", bat egin dute azaroaren 27an eguerdiko 12:00etan, "Orain Bai, Gelditu! Elkarrizketa. Konponbidea" aldarripean, Kursaaletik Sagues artean aipatu harresia eraikitzeko deialdiarekin. Baita, "Ulia eta Gros auzoko (Hondarpe) bizilagunen elkarteak, Zurriolan egoitza duen Groseko Indarra surf elkarteak", eta haiekin, besteak beste, "itsasoarekin harreman estua duten kirolariak, Juanmari Etxabe eta Igor Makatzaga entrenatzaileak, Sarai Lizaso eta Iñaki Errasti arraunlariak, Axi Muniai Olatu erraldoien surfista, kulturako eragileak, Kristiñe Solano (Amak), Andoni Bastarria (eskultorea) edo Gorka Otxoa aktorea, unibertistateko irakasleak Peio Lozano biologoa bezala, herritarrak, ikasleak...,".
Eta atxikimendu gehiago ere izango dira asteotan, GuraSOSek abian jarri duen kanpainaren baitan, hezkuntza arloan esaterako. "Halaber, itsasoaren baldintzek ahalbideratzen badute, egun berean ekitaldi sinbolikoa itsasoan bertan antolatzeko asmoa" dute.
Segidan, mobilizazioa aurkezteko gaur GuraSOSek Saguesen bertan plazaratu duen adierazpena eta bideoa. albiste honi atxikita.
GURASOS-EN ADIERAZPENA
Kezkatuta. Gipuzkoako gizartearen gehiengo zabala hasieratik egon da kezkatuta, egin behar zuten erraustegiarekin. Horrela baieztatu zuen, agintariek eskatuta Biodonostia-EHU eta Osasun Sailak 2017an egindako ikerketa batek.
Erraustegia egitearen alde zein aurka, gipuzkoarrok bat etorri gara gauza batean: osasuna eta ingurumenerako bermeak behar ziren.
Horren jabe, agintariek hitza eman zuten erraustegia egin aurretik:
- Airera isurtzen diren zabor kutsatzaileen muga gaindituz gero, sistema automatiko bat izango zela hondakinen erretzea gelditzeko.
- Kutsadura parametroak betetzen ez baziren, erraustegia gelditu egingo zutela, eta arazoa konpondu arte ez zutela berriro martxan jarriko.
Erraustegia egin zen. Abian da duela bi urtetik, eta orain arte kezka zirenak, errealitate gordin bihurtu dira: suteak noiznahi; eraldagailu nagusia erre egin dute eta berria ekarri behar izan dute; arazoak dituzte labeetan; arazoak elektrizitatea ekoizteko (aurreikusitakoaren heren bat sortzea lortu dute soilik) eta, okerrena, arazoak kutsadurarekin. Jakin izan dugu ez dutela labea eteteko sistema automatikorik jarri kutsadura antzematen denerako; lixibiatuen filtrazio handia dago prozesu-uren sistema itxiak huts egin duelako; Arkaitzerrekan hainbat isurketa larri izan da, amonioarekin, lixibiatuekin... Inguruko lurretan maila handiko kutsadura agertu da fenolekin, hidrokarburoekin; lur azpiko uretan dioxinak eta furanoak azaldu dira (kutsadura larriaren maila 62 aldiz gainditu arteraino), metal astunak (kobrea, zink, nikel...), amonioa, kloruroak... Aireko isurketek ere dozenaka aldiz gainditu dute gehieneko maila.
Kutsadura hau guztia Oria ibaira doa. Aurreko astean jakin dugu baimena eskatu dutela URA ur agentzian obra hidrauliko bat egiteko, emari toxikoa Añarbeko hondakin-uren sarera bidali ahal izateko, Monpas-Sagues aldean, Zurriolako hondartza inguruan, isurtzeko asmoz.
Hemen, zuen aurrean, gizartearen ordezkaritza zabala gaude: Itsasoan bakoitzak bere kirola jorratzen duten arraunlariak eta surflariak, kultur eragileak, auzo elkarteak, talde ekologistak, sindikatuak, ikasle elkarteak, herritar oro, gertatzen ari denarekin OSO KEZKATUTA gaudela adierazteko.
Errealitate gordin honi ezin zaio muzin egin. Zerbait egin behar dugu, beste egoera bat aldarrikatzeko. Natura, ibaiak, itsasoa, airea babestu behar ditugu. Osasuna babestu beharra daukagu.
GELDITU erraustegia, kutsadura arazo larri hauen jatorria identifikatu eta konpondu arte; erraustegiaren funtzionamendu okerra aztertu eta konpondu izanaren bermeak izan arte.
Kontrol demokratiko zorrotza, gaur egun ez dagoena, behar du erraustegi horrek. Agintariek, emandako hitza bete behar dutela aldarrikatu beharra daukagu.
Dei egiten diogu, gizarte zabalari, denon artean babes-harresi sendo eta garaiezina eraikitzeko, Zurriolako inguru paregabean hau guztia irudikatzeko, azaroaren 27an, igandean, eguerdiko 12:00etan, Kursaaletik Sagues arteko tartean oinkari jardun eta aldarri ozenaren oihartzuna lau haizetan entzunarazteko.