Lurrazpiko kutsadura tututik guztion begi bistara kanporatzen den eremuan bildu dira bisitariak, argibideak jasotzeko. "Ez da tutu itxi bat, zuloduna", Errausketaren Aurkako Mugimenduaren esanetan. Bertatik dator, erraustegiko kutsadura. Eta orain ezkutatu egin nahi dutela salatu dute. "Hori da azkeneko saiakera, pozoi hau detektatzeko dugun helduleku bakarra estaltzea". Gogoan izan, berriki Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Ura Agentziari ponpaketa-sistema bat eraikitzeko baimena eskatu zion. Une honetan, eskaera jendaurreko alegazio epean da. Asmoa, sistema honen bidez, kutsaturiko ura Loiolako araztegira eta handik itsasora desbideratzea litzateke.
Ur kutsatuak beraz Donostia parean itsasoratu nahi dituzte. "2021ean, betelaneko lurra eta betelan horretara filtratzen den ura aztertu zuten. Bi lekutan azaltzen dira uretan metal astunak, dioxinak eta furanoak. Badakite 2021etik filtratzen diren urak kutsatuak daudela".
Filtrazioak
Kaltearen jatorriaz hainbat azalpen eskaini ditu Errausketaren Aurkako Mugimenduak larunbat goiz honetako bisita gidatuan. "Lehenbizikoa egin zutena, eraikinaren goitik dator errekarentzat kanal artifial hau" izan zen.
Gorantz begira jarri dira, Arkaitzerrekaren kutsaduraren zero gunera, erraustegira. Bertan, hondakinak kudeatzeko duten moduaren eta erreka honetara heltzen den kutsaduraren arteko begibistako lotura azaldu dute bisita gidatuaren antolatzaileek. "Gipuzkoan oraindik hondakinen gaikako bilketa desastroso bat egiten delako", bertara heltzen diren hondakin gehienak organikoak dira. Hondakin zati honek "ia dena ura du".
Eta ziotenez, erraustegia "korrika eta presaka egindako obra bat" izanik, "akats piloa daude". Azken urteotan izan diren istripuak ekarri dituzte gogora. Tartean, deposituetan pilatzen doazen lixibiatuak, eta hortik gerta daitezkeen filtrazioak.
"Kutsadura larria zegoela agertu zen"
Gogoratu dutenez, erraustegia martxan jarri eta berehala hasi ziren arazoak. Besteak beste, 2020ko maiatzean ehunka arrain eta aingira hil zituen bertatik isuritako amonioak "erre zuen" Arkaitzerrekan. Aurtengo uztailaz geroztik etengabekoa da Arkaitzerrekara isuritako kutsadura, apartsu eta gorritsua ikusi da noiznahi.
"Horren aurrean, mugimenduan oso kezkatuta gaude", adierazi dute, bereziki, nabarmendu dutenez, alderdi politiko eta erakundeen isiltasunarekin. Eta dagoen informazio faltarekin. Erraustegiaren arduradunek Arkaitzerrekako urteotako gertakariak beti ukatu egin izan dituztela salatu dute, egin izan diren analisien emaitzak ezagutzera eman arte. "Kutsadura larria zegoela agertu zen".
Testuinguru honetan, gertatzen ari diren etengabeko filtrazioen arazoa konpontzea ia ezinezkoa dela diote, erraustegiaren funtzionamendua geratu beharko litzatekeelako. Horregatik diote, egoera honetan, "horren erreakzio gisa ulertu behar da orain planteatu dutena". Ponpatze sistema baten bidez, Arkaitzerrekara heltzen diren ur kutsatuak itsasora desbideratu nahi izatea alegia.