Eskaera Zubietako bidean lasterka aritzen direnei

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 17a, 11:24

Iluntze partean bereziki, segurtasun neurriak hartzea eskatzen die, NOAUA!-ra deitu duen Zubietako bizilagun batek. 

Ez da NOAUA! K.E.-rekin hartuemanetan jarri izan den lehen aldia. Zubietako bizilagun batek deitu dio egunotan hedabide honi, aspalditik irakurleekin partekatu nahi zuen kezka gogorarazteko. Kezka agertu du berriz, Zubietako bidean gertatzen ari denarekin. Milaka lasterkari erakartzen dituen 57. Behobia-Donostia ospatu zuten iragan igandean. Halako probek besteak beste, entrenatzera bultzatu ohi dute geroz eta jende gehiago, geroz eta zaletu gehiago baititu atletismoak.

Baita gure artean ere, Zubietako bidea horren lekuko. Gertuko nahiz urrunagoko lasterkariek zeharkatzen dute egunero inguru hori. Kezka iturria izaten ari da NOAUA!-ra deitu duen bertako bizilagun batek adierazi digunez, bereziki iluntzeetan. Are gehiago, erlojuak neguko ordutegira egokitu genituenetik, lehenago iluntzen duen urte garai honetan. Etxetik edonora joan edo bizilekura itzultzeko ezinbestekoa izaten dute ibilgailua hartzea Zubietako hainbat bizilagunek, baina iluntzean arriskutsua ere suertatu daitekeela dio hedabide honekin hartuemanetan jarri den herrikideak. 

Zubieta Santuenearekin lotzen den bide honetatik barrena lasterka doazenekin topo egiten du ustekabean autoz etxetik irten edo etxera itzultzerakoan. Argitasun faltagatik ez ditu ikusten. Eskaera bikoitza egin du telefono dei bidez; batetik, lasterkariei bide alternatiboa, Arkaitzerreka paretik abiatu eta Lanbide Eskola pareraino doan oinezkoen bidea erabiltzea eskatzen die. Edo gutxienez, errepide nagusia baliatu behar dutenek txaleko islatzaileekin korrika egitea, ibilgailuren bat gidatzen doazenentzat ikusgarria izateko. Autobusak, autoak, oinezkoak, lasterkariak... elkarbizi diren bidea dugu Santuenea-Zubieta artekoa.