"Erraustegia martxan jarri zenetik hainbat arazo suertatu dira bertan", dio Axi Muniainek bideoetako batean. "Labearekin arazoak, transformagailua tarteko baita ere eta isuriak. Oria ibaira hondakinak ailegatu zaizkigu eta ondorioz gure hondartzetan ageri izan zaizkigu. Pertsonen osasuna eta segurtasuna arriskuan da", ohartarazi du surflari zarauztarrak. Horregatik, "prebentziozko geldialdia eskatzen dugu orain!". Eta aldarri hau Donostian zabaltzeko deia egin du, azaroaren 27ko GuraSOSen mobilizazioaren bidez.
Donostiako Grosekoindarra surf eta bodyboard taldeetako kideek ere bai. "Oria ibaira egiten dituzten isurketak ezin dituztela kontrolatu eta saneamendu sarrera desbideratu nahi dituzte. Baina araztegiek ezin dituzte substantzia horiek deuseztu, beraz Zurriolako hondartza aurrean isuriko dituzte zuzenean. Kutsadurarik izanez gero prebentziozko geldialdia berehala martxan jartzeko emandako hitza betetzea eskatzen dugu".
Atxikimenduak
Eragile eta aurpegi ezagun anitzen babesa jaso du jada hitzorduak. Besteak beste, "Eguzki, Ekologistak Martxan edo Greenpeace talde ekologistak, CCOO, ELA eta LAB sindikatuak", bat egin dute azaroaren 27ko manifestazioarekin. Baita, "Ulia eta Gros auzoko (Hondarpe) bizilagunen elkarteak, Zurriolan egoitza duen Groseko Indarra surf elkarteak", eta haiekin, besteak beste, "itsasoarekin harreman estua duten kirolariek, Juanmari Etxabe eta Igor Makatzaga entrenatzaileek, Sarai Lizaso eta Iñaki Errasti arraunlariek, Axi Muniai Olatu erraldoien surfistak, kulturako eragileek, Kristiñe Solanok (Amak), Andoni Bastarrikak (eskultorea) edo Gorka Otxoa aktoreak, unibertsitateko irakasleek, Peio Lozano biologoak bezala, herritarrak, ikasleek...,".
GURASOS-EN ADIERAZPENA
Kezkatuta. Gipuzkoako gizartearen gehiengo zabala hasieratik egon da kezkatuta, egin behar zuten erraustegiarekin. Horrela baieztatu zuen, agintariek eskatuta Biodonostia-EHU eta Osasun Sailak 2017an egindako ikerketa batek.
Erraustegia egitearen alde zein aurka, gipuzkoarrok bat etorri gara gauza batean: osasuna eta ingurumenerako bermeak behar ziren.
Horren jabe, agintariek hitza eman zuten erraustegia egin aurretik:
- Airera isurtzen diren zabor kutsatzaileen muga gaindituz gero, sistema automatiko bat izango zela hondakinen erretzea gelditzeko.
- Kutsadura parametroak betetzen ez baziren, erraustegia gelditu egingo zutela, eta arazoa konpondu arte ez zutela berriro martxan jarriko.
Erraustegia egin zen. Abian da duela bi urtetik, eta orain arte kezka zirenak, errealitate gordin bihurtu dira: suteak noiznahi; eraldagailu nagusia erre egin dute eta berria ekarri behar izan dute; arazoak dituzte labeetan; arazoak elektrizitatea ekoizteko (aurreikusitakoaren heren bat sortzea lortu dute soilik) eta, okerrena, arazoak kutsadurarekin. Jakin izan dugu ez dutela labea eteteko sistema automatikorik jarri kutsadura antzematen denerako; lixibiatuen filtrazio handia dago prozesu-uren sistema itxiak huts egin duelako; Arkaitzerrekan hainbat isurketa larri izan da, amonioarekin, lixibiatuekin... Inguruko lurretan maila handiko kutsadura agertu da fenolekin, hidrokarburoekin; lur azpiko uretan dioxinak eta furanoak azaldu dira (kutsadura larriaren maila 62 aldiz gainditu arteraino), metal astunak (kobrea, zink, nikel...), amonioa, kloruroak... Aireko isurketek ere dozenaka aldiz gainditu dute gehieneko maila.
Kutsadura hau guztia Oria ibaira doa. Aurreko astean jakin dugu baimena eskatu dutela URA ur agentzian obra hidrauliko bat egiteko, emari toxikoa Añarbeko hondakin-uren sarera bidali ahal izateko, Monpas-Sagues aldean, Zurriolako hondartza inguruan, isurtzeko asmoz.
Hemen, zuen aurrean, gizartearen ordezkaritza zabala gaude: Itsasoan bakoitzak bere kirola jorratzen duten arraunlariak eta surflariak, kultur eragileak, auzo elkarteak, talde ekologistak, sindikatuak, ikasle elkarteak, herritar oro, gertatzen ari denarekin OSO KEZKATUTA gaudela adierazteko.
Errealitate gordin honi ezin zaio muzin egin. Zerbait egin behar dugu, beste egoera bat aldarrikatzeko. Natura, ibaiak, itsasoa, airea babestu behar ditugu. Osasuna babestu beharra daukagu.
GELDITU erraustegia, kutsadura arazo larri hauen jatorria identifikatu eta konpondu arte; erraustegiaren funtzionamendu okerra aztertu eta konpondu izanaren bermeak izan arte.
Kontrol demokratiko zorrotza, gaur egun ez dagoena, behar du erraustegi horrek. Agintariek, emandako hitza bete behar dutela aldarrikatu beharra daukagu.
Dei egiten diogu, gizarte zabalari, denon artean babes-harresi sendo eta garaiezina eraikitzeko, Zurriolako inguru paregabean hau guztia irudikatzeko, azaroaren 27an, igandean, eguerdiko 12:00etan, Kursaaletik Sagues arteko tartean oinkari jardun eta aldarri ozenaren oihartzuna lau haizetan entzunarazteko.
BA AL ZENEKIEN…?⚠️@AxiMuniain : “Erraustegiaren prebentziozko geldialdia eskatzen dugu orain!”
— GuraSOS (@tgurasos) November 20, 2022
AZAROAK 27, 12:00etan DENOK DONOSTIARA! pic.twitter.com/XetoLZcHM8
BA AL ZENEKIEN…?⚠️
— GuraSOS (@tgurasos) November 18, 2022
DIARIO eta TELEBISTA batzuek ezkutatu nahi dizuten informazioa zurekin partekatzeko dugu.
40 segundoko 4 BIDEO-PILULA izango dira.
Egon adi eta ZABALDU!
———————————————
Gaur: SURF/BODY BOARD ZURRIOLA pic.twitter.com/6PyDthA5Bk